Politika -
KONGRESUA
Fernandez Diazek ez du Kongresuan azalpenik emango, entzuketei buruz
PPk, PSOEk eta Ciudadanosek erabaki dutenez, legealdi batetik besterako tarteetan, Kongresuko Batzorde Iraunkorra 'salbuespenezko edo premiazko' gaiak bakarrik jorratzeko biltzen da.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Jorge Fernandez Diaz jardunean dagoen Barne ministroak ez du azalpenik eman beharko Kongresuan, joan den astean, Públicok zabalduko entzuketen inguruan. Hala erabaki du gaur Kongresuko Mahaiko Batzorde Iraunkorrak; PPk, PSOEk eta Ciudadanosek dute ordezkaritza mahai horretan.
Fernandez Diazen eta Daniel de Alfonso Kataluniako Ustelkeriaren aurkako Bulegoko buruaren arteko elkarrizketak eman zituen argitara hedabide horrek . Duela bi urte egindako entzuketetan, ERCko eta CDCko kideak ustelkeria kasuetan nahasteari buruz hizketan ari dira Fernandez Diaz eta De Alfonso.
ERCk, Convergenciak, Podemosek eta Izquierda Unidak eskatu zuten jardunean dagoen ministroaren agerraldia Batzorde Iraunkorrean, organo hori baita, Gorteak desegin zirenetik, Kongresuan martxan dagoen bakarra. Mariano Rajoy Espainiako jarduneko presidentearen agerraldia ere eskatu zuten ERCk eta Convergenciak, entzuketei buruzko azalpenak emateko.
PPk, PSOEk eta Ciudadanosek erabaki dutenez baina, entzuketen gaia ez da "premiazkoa" eta, beraz, agerraldi horiek ez dira egingo. Legealdi batetik besterako tarteetan, Kongresuko Batzorde Iraunkorra "salbuespenezko edo premiazko" gaiak bakarrik jorratzeko biltzen dela argudiatu dute hiru alderdiok.