Itxi

Politika

Eusko Legebiltzarra

Poliziaren biktimen legeak osoko zuzenketak gainditu ditu

agentziak | erredakzioa

Gehiegikeria polizialen biktimen lege proiektua "beharrezko atala" da "etorkizuneko bizikidetza" eraikitzeko, lehendakariaren esanetan.

1:34

Eusko Legebiltzarrak 1978 eta 1999 arteko poliziaren gehiegikerien biktimak aitortzeko beste pauso bat eman du, PPk eta UPyDk legeari aurkeztutako osoko zuzenketak errefusatuta. Hala ere, legea onartuz gero, litekeena da Estatuak aurka jotzea.

Jaurlaritzak legegintzaldi honetan onartu nahi du proiektua, baina epez oso justu dabiltza, uztailaren 28an izango baita Legebiltzarreko azken saioa lehendakariak ganbera desegin eta udazkenerako hauteskundeak deitu aurretik.

Baina oraindik ez da ziurra legea onartuko dutenik, EAJk soilik babesten baitu dagoen moduan; EH Bilduk eta PSE-EEk zuzenketak sartu nahi dizkiote, eta litekeena da PPk eta UPyDk kontra bozkatzea.

Euskal Autonomia Erkidegoan 1978 eta 1999 bitartean izandako legez kontrako errepresio-egoeretan giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta ordaina emateko lege proiektuarekin babes juridiko handiagoa lortu nahi dute.

Izan ere, 2012an Patxi Lopezen Jaurlaritzak sustatu zuen dekretu baten jarraipena da proiektua. Berme bera eskaintzen zien dekretu horrek 1960tik 1978rako biktimei, baina Estatuaren Abokatuak helegitea jarri zuen lesioen froga argiak eskatzen ez zirelako.

Orain, lege proiektua dagoenetan, Espainiako Barne Ministerioak ere ohartarazi du Konstituzioa urratzen dutela neurri batzuek, eta Balorazio Batzordeak, biktima izaera aitortzeaz arduratuko denak, "estatuarenak soilik diren eskumenak urratzen" dituela.

PPk eta UPyDk eskatzen zuten osoko zuzenketa atzera bota dute gainerako alderdiek, eta proiektuaren eztabaidarekin jarraituko dute, batzordean, uztailaren amaieran osoko bilkuran bozkatu aurretik.

Oraingoz, proiektuan ez da agertzen biktima izaera aitortzeko ebazpen irmoa behar denik, "Zuzenbidean onargarria den froga bat" baizik, terrorismoaren biktimen legeekin egiten den moduan.

Hala, euren bizitzari edo osotasun fisiko, psikiko, moral edo sexualari kalte egin dioten legez kanpoko errepresioaren biktimen aitortza eta konponketa aurreikusten du legeak.

Kalte-ordainei dagokienez, ezintasun larriaren kasuan 390.000 eurokoa izango da; hildakoen senideek 135.000 euro jasoko dituzte; eta 35.000 euro, ordutik ezintasunen bat dutenek.

Lehendakariaren agerraldia

Iñigo Urkullu lehendakariak azpimarratu du gehiegikeria polizialen biktimen lege proiektua "beharrezko atala" dela "etorkizuneko bizikidetza" eraikitzeko, eta Administrazioak kolektibo horren "duintasunarekin" duen "zorra" kitatu behar duela adierazi du.

Urkulluk Euskal Autonomia Erkidegoan 1978 eta 1999 bitartean izandako legez kontrako errepresio-egoeretan giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta ordaina emateko lege proiektua defendatu du Legebiltzarrean, PPk eta UPyDk aurkeztutako osoko zuzenketei aurre egite aldera.

"Gaur egun garrantzitsua da, pauso bat gehiago eman baitugu bakearen eta bizikidetzaren aldeko apustuan", azpimarratu du lehendakariak agerraldiaren hasieran.

Horren harira, alderdi politikoei "ikuspegi zabala" izateko eskatu die, ETAren jarduera armatua amaitu ostean irekitako prozesuan.

Hori dela eta, legea "iraganarekiko memoria kritikoa" eraikitzeko eta "etorkizunean bizikidetza normalizatua" izateko "beharrezko atala" dela esan du.

Lehendakariaren esanetan, lege horrek babestuko dituen pertsonak egoteak berak bermatzen du legearen beharra, "badaudelako gertuko senide bat galdu dutelako kalte konponezina jaso dutenak".

Hala, "biktima horiek aitortza jaso gabe" jarraitzen dutela berretsi du, eta erakundeen "betebeharra" eta legearen helburua "anomalia hori konpontzea" dela.

Izan ere, Administrazioak "zorra" omen du kolektibo horren "duintasunarekin", baina biktima ororen berdintasun printzipioan oinarrituta.

Zentzu horretan, ukatu egin du legeak "bi aldeen arteko gatazkaren teoria”"justifikatzen duenik, "biktima erdigunean" jartzen delako, "batasun faktore gisa, ez zatiketarako".

Osoko zuzenketa

Osoko zuzenketa defendatzeko, Carmelo Barrio PPren legebiltzarkideak esan du testuak ez duela segurtasun juridikorik eta EAJk eta Jaurlaritzak "presa" dutela, alderdiekin adostasuna bilatu beharrean.

Gorka Maneiro UPyDkoak "zalantza juridikoak" agertu ditu, "ustezko biktimak" aitortzeko epaitegiz kanpoko prozesua aurreikusten duelako arauak.

EAJren izenean, Iñigo Iturratek esan du legea "nahitaezkoa" dela bizikidetza normalizatua lortzeko, eta araua juridikoki "ongi josia" dagoela azpimarratu du.

Julen Arzuagak (EH Bildu) iragarri du zuzenketak egingo dituela Estatuaren biktimak gainerakoekin berdintzeko.

Patxi Elola PSE-EEren legebiltzarkideak ohartarazi du zuzenketen eztabaidan erabakiko duela botoa.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena