Politika -

Polemika

PSE-PP hitzarmena ez dagoela arriskuan berretsi du Idoia Mendiak

Jaurlaritzak ETArekin hitz egiten ari zela gezurtatu ondoren, Antonio Basagoitik "ekintzak" eskatu ditu, negoziaziorik ez dagoela sinistu ahal izateko.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PSE-PP hitzarmena arriskuan ez dagoela berretsi du gaur Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, "ETArekin negoziaziorik ez dagoelako, eta negoziatzeko aukerarik ere existitzen ez delako". "Gure estrategia argia da, PPk kontrakoa ez badu esaten", gaineratu du Idoia Mendiak.

Bere ustez, azken hilabeteetako gertaerek, Zuzenbide Estatuak mantentzen duen "ETAren aurkako borroka" baieztatu egin du, "fronte eta alor guztietan".

Horregatik, "eztabaida artifizialak" ez pizteko eskatu du Mendiak, ETArekin "behin eta betirako bukatzeko helburuarekin bat ez datozelako".

Antonio Basagoiti EAEko PPren presidenteak esan du euskal sozialistek "zin egin" diotela ETArekin eta ezker abertzalearekin "harremanik ez dutela izan", baina "ekintzak" eskatu ditu PSE-EEren hitza sinesteko.

Bilbon emandako hitzaldi batean Basagoitik azaldu duenez, PSE-EEk ukatu egin dio ETArekin negoziatzen ari direla, baina "egungo esperientziarekin, ekintzek adierazpenak eta komunikatuak baieztatzea nahi dut".

PPk "ETA indartu edo armatu dezaketen komunikazio kanalik ez dagoela ikusi nahi du" eta "Eusko Jaurlaritzaren lan ildoa duela urtebete hasitako bera" izaten jarraitzen duela, hau da, "jarduera terroristarekin ez dutela ezer lortuko" erakusten jarraitzen duela.

Zabaletak "eskandalu faltsuak" ikusi ditu

Patxi Zabaleta Aralarren koordinatzaile nagusiak uste du PSOEk ETArekin komunikazio bideak ireki dituela dioten informazioak eta PPk horrekiko izan duen jarrera "eskandalu faltsua" izan dela, "helburu komertzialak dituen komunikabide baten kanpainari oinarria emateko".

Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketa batean, El Mundo egunkariak zabalduko informazioak izan dituzte hizpide. Egunkari espainiarraren arabera, ETAko buruzagiei atzemandako zenbait dokumentutan "Txusito bidea irekita" dagoela agertzen da. Izen horrek Jesus Eguiguren PSE-EEren presidenteari egiten omen dio erreferentzia, baina Jaurlaritzak eta Madrilgo Gobernuak gezurtatu egin dute egunkariak zabaldutakoa.

Zabaletak adierazi duenez, PSE-EEk beti izan du jarrera "bikoitza" ETArekiko elkarrizketei dagokienez, aldekoekin eta kontrakoekin, baina azpimarratu du Gonzalezen, Aznarren eta Zapateroren gobernuek ETArekin hitz egin dutela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea