Politika -

Legebiltzarrerako bozak

EAJk Euskadira begiratuko duela esan du Ortuzarrek

Irailaren 25eko hauteskundeei begira, alderdi berrien sirena doinuen atzetik joatearen arriskuaz ohartarazi du buruzagi jeltzaleak.

EAJk alderdiaren sorreraren 121. urteurrena ospatu du gaur. Argazkia: EFE
EAJk alderdiaren sorreraren 121. urteurrena ospatu du gaur. Argazkia: EFE
EAJk begirada Madrilera 'okertuko' ez duela esan du Ortuzarrek

1:13

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Andoni Ortuzar EAJko EBBko presidenteak esan du haren alderdiak Euskadira begiratuko duela eta ez Madrilera. Irailaren 25eko hauteskundeei begira, estatu espainiarreko "ziurgabetasun giroa ez kutsatzeko" beharra nabarmendu du eta alderdi berrien sirena oihuen atzetik joatearen arriskuez ohartarazi du.

Loiolako Ignazio Deunaren egunaren eta EAJren sorreraren 121. urteurrenaren harira egindako ospakizunetan hitz egin du gaur Andoni Ortuzarrek. Ospakizun ekitaldiak 11:30ean hasi dira Sabin Etxean eta EBBko kideek harrera egin diete erakundeetako agintariei eta euskal gizarte zibileko hainbat ordezkariri. Segidan, 12:15ak aldera, lore eskaintza egin dute Sabino Arana EAJko fundatzailearen bustoaren aurrean, Albiako lorategian.

Ortuzarrek azpimarratu duenez, "EAJ Euskadigatik eta Euskadirentzat jaio zen duela 121 urte". "Euskadi da gure helburu soziala, gure kausa bakarra. Euskadirentzat eta euskal nazioa eraikitzeko bizi gara. Gure anbizioa hemen hasi eta bukatzen da", gaineratu du. Hori dela eta, eta beren erantzukizuna "hemen" dagoela argudiatuta, Euskadira, "maite dugun herrira", begiratzeko deia egin du.

Buruzagi jeltzaleak Espainiako egoera politikoa ere hizpide izan du eta bertan dagoen "zaratak eta estatu ikuspegi faltak" Madrilera "nahi baino gehiagotan" begiratzera behartu dituela adierazi du. Espainiako egoera nahasiaren baitan, Ortuzarrek adierazi du bertako alderdiek EAJrena ez den borroka batean nahastu nahi izan dituztela jeltzaleak. "Gure betebeharra hemen alboan nagusi den ziurgabetasun giroa kutsatzea saihestea da", zehaztu du. Halaber, Mariano Rajoyren balizko inbestidura EAJk ezezkoa botoa emango diola azpimarratu, bai lehen bozketan eta baita bigarrengoan ere. Are gehiago, jeltzaleen jarrera "mugiezina" dela nabarmendu du eta uko egin dio "abstentzio kolektibo" batean parte-hartzeari.

Irailaren 25eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei dagokienez, ezkerreko zein eskuineko alderdien populismo eta demagogia aldarrien arriskuaz ohartarazi du. Edonola ere, ziur agertu da herritarrek heldutasunez erantzungo dutela.

Bestalde, Ortuzarrek esan du Euskadik paradisuaren antza handia duela Espainiarekin alderatuz gero: "Ez gara oasi bat izango, baina nahikoa da hegoaldera begiratzea diferentzia antzemateko".

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Euzko Alderdi Jeltzalea Andoni Ortuzar albisteak EAE albisteak Hauteskundeak Euskadin 2024 Gaurko azken orduko albistea