Politika -
Auzitegi Konstituzionala
Estatutaren epaia uda baino lehen aterako dela esan du Casasek
Kataluniako Estatutari buruz epaia emateko eskumenik ez duela onartzea baztertu du Auzitegi Konstituzionalak. Kataluniako Parlamentuak eta Gobernuak aginpiderik gabe uztea eskatu zuten.
Erredakzioa
Uda baino lehen Kataluniako Estatutaren inguruko epaia izango dutela segurutzat jo du Maria Emilia Casas Auzitegi Konstituzionaleko presidenteak. Ia lau urteko eztabaida daramate eta sei zirriborro atzera bota dituzte dagoeneko.
Estatutaren txostena bere gain hartu zuen Casasek maiatzaren 19an, Guillermo Jimenez kontserbadorek egindako zirriborroak beharrezko babesa lortu ez zuelako osoko bilkuran. Jimenezen txostena bozketa egin baino lehen atzera bota zuten.
Bestalde, Kataluniako Estatutari buruz epaia emateko eskumenik ez duela onartzea baztertu du Auzitegi Konstituzionalak gaur. Kataluniako Parlamentuak eta Gobernuak aginpiderik gabe uztea eskatu zuten. Ordezkoek kargua hartu arte magistratuek jardunean jarraitu behar dutela aurrikusten du legeak, Konstituzionalak gogorarazi duenez.
PPk aurkeztutako helegitea dela-eta Generalitateak idazkia aurkeztu zuen eta Auzitegi Konstituzionalak gaur erantzun dio Kataluniako Gobernuari zortzi probidentziren bidez. Estatutaren aurka zazpi errekurtso aurkeztu zituzten eta beste hainbeste idazki igorri zituen Kataluniako Parlamentuak.