Politika -
Auzitegi Konstituzionala
Casasek bere gain hartu du Estatutaren txostena
Guillermo Jimenez kontserbadoreak egindako txostena ez dute bozkatu ere egin, beharrezkoa izan ez delako. Jimenezek txostena bere gain hartu zuen Perez Verak uko egin ostean.
Erredakzioa
Maria Emilia Casas Auzitegi Konstituzionaleko presidenteak bere gain hartu du Kataluniako Estatutaren epaiaren txostena, sektore kontserbadorea zein progresista adostasuna lortzeko kapaz ez izan eta gero.
Elisa Perez Vera progresistak epaiaren azken zirriborroa apirilaren 16an aurkeztu zuenean gertatu ez bezala, Guillermo Jimenez kontserbadoreak (auzitegiko presidenteordea) idatzitako testua ez dute bozkatu ere egin, beharrezkoa izan ez delako. Perez Verak uko egin ostean txostena bere gain hartu zuen Jimenezek.
Auzitegiko iturriek jakinarazi dutenez, osoko bilkuran magistratuek egindako adierazpenekin nahikoa izan da eta bere zirriborroak beharrezko babesa ez zuela onartu du Jimenezek, izan ere, Estatutarekin Perez Veraren azken txostena baino murriztaileagoa zen. Honenbestez, testua erretiratu du Jimenezek, eta txostena egiteari uko egin dio.
Orduan, Casasek txosten berri bat aurkezteko konpromisoa hartu du lankideen aurrean. Zazpigarren zirriborroa izango litzateke. Eztabaida desblokeatzeko xedearekin hartu du ardura, eta beharrezko adostasuna lortzea espero du, izan ere, kasua ia lau urte daramatza Konstituzionalean.
Aurrikus daitekeen emaitza
Orain dela hilabete eskas magistratuek bosgarren zirriborroa arbuiatu ostean, gaurko osoko bilkuraren emaitza aurrikus zitekeen. Bosgarren txostenak aldeko lau boto izan zituen, eta aurkako sei. Zirriborro hark Estatutuko 20 bat artikulu indargabetzen zituen eta beste 20ren konstituzionaltasuna zalantzan jartzen zuen, Estatuta garatu beharreko legeek ematen zieten interpretazioaren arabera.
Azken epai proiektuak artikulu gehiago baliogabetzen zituen eta hori beharrezko babesa lortzeko oztopo bihurtu da.