Politika -

Polizia-operazioa

Juan Carlos Iriarte ETAko ustezko kidea atxilotu dute Hendaian

Frantziako Poliziak eta Guardia Zibilak burutu duten operazioa zaballik jarraitzen duela esan du Rubalcabak. ETAk dirua lortzeko bitartekari lanak egitea leporatzen diote Iriarteri.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juan Carlos Iriarte Perez ETAko ustezko kidea atxilotu dute gaur goizean Hendaian (Lapurdi), Frantziako Poliziak Guardia Zibilarekin batera burututako operazio baten baitan, Efe albiste-agentziak terrorismoaren kontrako iturriak aipatuta jakinarazi duenez.

Iriarte Baionako komisariara eraman dute eta polizia-operazioak martxan jarraitzen duela gaineratu du Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroak, baina ez du zehaztu etxebizitzaren miaketan atxilotuari zerbait atzeman ote dioten.

Atxiloketak "harremana izan lezake" iragan maiatzaren 20an Mikel Carrera ETAren arlo militarreko ustezko buruaren, Arkaitz Agirregabiria Carreraren ustezko oinordekoaren, Maite Aranalde ETAko ustezko kidearen eta Eñaut Aramendi ustezko laguntzailearen atxiloketekin, Rubalcabak adierazi duenez.

Barne ministroak azaldu duenez, Iriarte izan liteke hiru atxilotu horiei Baionako Sargent Marcel Duhau kalean etxebizitza bat lortu ziena, eta orain ETAren eta erakunde armatuari dirua ematen diotenen artean bitartekari lanak egitea leporatzen diote.

Behin-behineko askatasuna

ETAko ustezko kidea behin-behineko askatasunean zegoen 2009ko abuztuaren 28tik, izan ere, Auzitegi Nazionalak auzipetu zuen 2006ko su-etenean desegin zuten ETAren ustezko mehatxu sarearekin lotuta.

Juan Carlos Iriarte donostiarra 1992an atxilotu zuen lehenengo aldiz Guardia Zibilak, ETAren "Leitzaran" taldeko kide izatea egotzita. Auzitegi Nazionalak sei urteko kartzela-zigorra ezarri zion horregatik.

2007ko urriaren 5ean Hendaian bertan atxilotu zuten autoan azkarregi gidatzen ari zela harrapatu zutenean. Frantziako Poliziak Iriarteren agiriak ikusi zituenean jakin zuen Espainiako Justiziaren estradizio eskaria zegoela, 2006an desegindako ustezko mehatxu sarearekin lotuta.

2008ko martxoaren 12an estraditatu zuten Espainiara eta abuztura arte preso izan zen, eta gero behin behineko askatasuna eskuratu zuen. Hendaiara joan zen bizitzera eta ordutik bertan bizi izan da arazo legalik gabe.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea