Politika -
Bilera PPren egoitzan
PPk eta EAJk erakundeen koordinazioa eskatu dute neurriak ezartzeko
Antonio Basagoiti PPren presidenteak eta Iñigo Urkullu EAJrenak uste dute Patxi Lopez lehendakariak iragarritako zerga igoera "errazegia, sinpleegia eta demagogikoa" dela.
Erredakzioa
Iñigo Urkullu EAJren Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak eta Antonio Basagoiti EAEko PPrenak "erakundeen koordinazioa" eskatu dute Patxi Lopez lehendakariaren neurri ekonomiko murriztaileak ezartzeko. Gainera, zergen igoera "errazegia, sinpleegia eta demagogikoa" dela salatu dute.
Bi ordu eta erdiz izandako bileraren ostean, Urkullu izan da kazetarien aurrean hitz egin duen lehena eta esan du EAJren eta PPren harremanen "normaltasun" testuinguru batean garatu dela. Hain zuzen ere, Urkulluren eta Basagoitiren lehen bilera dalegegintzaldi honetan.
EAJren buruzagiak bere alderdiaren ezinegona aurkeztu dio Patxi Lopezen Jaurlaritzako "kide nagusia"ri, lehendakariaren "asmoak" komunikabideen bitartez ezagutzea "ez baita egokia", Euskadiko "erakunde sareari erantzunik eman gabe".
Erakundeen arteko koordinazio neurri "minimoak" eskatu ondoren, Patxi Lopezek "erakundeetan sortu duen deskoordinazioak harritutu" dagoela onartu du Urkulluk, eta hori dela eta, laguntza eskatu dio PPri.
Zerga alorrean, EBBren presidentea kezkatuta agertu da "lehendakariak goi mailako klaseen eta diru gehien irabazten dutenen zergak igotzeko egindako planteamendu orokorragatik". Horren harira, jeltzaleek eta popularrek "demogagia eta sinpletasuna" baztertzeko eskatu diote lehendakariari.
EAJren buruzagiak gogorarazi du zergen alorrean Batzar Nagusiak direla eskumena duten erakundea: "Hori horrela, erakundeen arteko koordinazioa eskatzen dugu, nahiz eta Patxi Lopez lehendakaria ez izan horren aldekoa".
Basagoitik EAJren babesa nahi du
Basagoitik, bere aldetik, esan du EAJren bertsioa entzun ondoren, Patxi Lopezi galdetu beharko diola zer gertatu den, Eusko Jaurlaritzaren neurriek EAJren aldeko botoak izan ditzaten, izan ere, "eraginkorragoak izango lirateke jeltzaleek agintzen baitute aldundietan eta udal askotan".
PPren presidenteak "ahal den adostasun handiena" lortzea eskatu du murrizketa neurriak "hobetzeko eta minimizatzeko", horrela "eraginkorragoak" izan daitezen eta "euskal erakunde guztietara iristeko". Horren harira, Eusko Jaurlaritzari "esfortzu handiagoa" eskatu dio "aldundiekin adostasuna" lortzeko eta EAJri "Jaurlaritzari eskua luzatzeko" exijitu dio.
Era berean, PSE-EEren Jaurlaritzak Alderdi Popularraren babesa izango duela ziurtatu du, eta ohartarazi du "inork ez duela lortuko bazterrak nahastea".