Politika -
Irailaren 27an
Azkenik, De Guindosek azalpenak emango ditu Kongresuan Soria dela eta
Eguneko gaien zerrenda Bozeramaileen Batzordeak zehaztuko du datorren astean. Egun horretan, legealdiko lehen osoko bilkura ere egingo dute.
agentziak | erredakzioa
Ana Pastor Kongresuko presidenteak irailaren 27rako deitu du Luis de Guindos jarduneko Ekonomia ministroaren agerraldia, 'Soria auzia' delakoaren inguruan azalpenak eman ditzan, gainerako taldeek eskatu bezala, Presidentetzatik Eferi azaldu diotenez.
Egun horretan, legealdiko lehen osoko bilkura ere egingo dute, hain zuzen, EAEko eta Galiziako hauteskundeak (irailak 25) egin ostean.
Aipatutako iturrien arabera, Pastorrek kontuan izan du atzo, asteartea, ministroak azalpenak eman zituela Ekonomia Batzordean, data aukeratzeko orduan, baita aurreko legealdian kontrol saioa (Gobernuak uko egin zion saioan agertzeari) eta ohiko osoko bilkura egin izana ere.
Pastorren iritzian, kontrol saioa ez dela egingo jakinda (Gobernua ez delako agertuko) deitzeak "kalte egingo lioke erakundeari" eta "dirua alferrik xahutzea litzateke, deialdia egiteko dirua beharko luketelako, deitutakoa agertzen ez denean".
Pastorrek atzo 20:00ak aldera jaso zuen Exekutiboaren idazki ofiziala; bertan, Gobernuak jakinarazi zuen De Guindos ez zela agertuko osoko bilkuran Soria ministro ohiaren izendapena eta uko egitea azaltzeko.
Gobernuaren arabera, ez dagokio jarduneko Exekutiboari ohiko kontrol saioan azalpenak ematea, eta, gainera, ministroak atzo eman zituen azalpenak Ekonomia Batzordean.
Kongresuko presidenteak atzo iragarri zuen gaur jakinaraziko zuela eskatutako osoko bilkuraren data, eta, aurreikusten dutenez, eguneko gaien zerrenda Bozeramaileen Batzordearekin zehaztuko du datorren astean, hain zuzen, saioen egutegia onartu behar duten egunean.
Aurreko legealdiaren aurrekaria Patxi Lopez presidente zenean izan zen. Lopezek hiruna minutu eman zien taldeei Gobernuaren jarreraren inguruan hitz egin zezaten, eta, hori dela eta, baliteke Pastorrek eredu horri jarraitzea.
PSOEk Gobernua irailaren 27ko saioan ez agertzea eta atzo Gobernuak egindako idazkia erabili litzake eskumen gatazka abiatzeko Auzitegi Konstituzionalean.