Politika -
Barne zatiketa
EBko sektoreek krisiari irtenbidea bilatzen jarraituko dute gaur
Bi sektoreetako ordezkariak bildu dira arratsaldean, Ezker Batuaren gatazkari amaiera eman nahian.
Erredakzioa
Mikel Arana EBko koordinatzaile nagusiaren aldekoek eta Javier Madrazo presidente ohiaren jarraitzaileek mantentzen duten gatazkari irtenbide bat bilatzen jarraituko dute gaur asteartea bi sektoreetako ordezkariek.
Koalizioko iturriek jakinarazi dutenez, bi sektoreetako ordezkariak bildu dira arratsaldean, Ezker Batuaren gatazkari amaiera eman nahian. Bilera 16:30ean hasi eta 19:00ean amaitu da. Aranak eta Vicente Silva EBko Politika Sozialeko idazkariak parte hartu dute batzarrean.
Bi sektoreen arteko elkarrizketak gaur jarraitzea espero dute iturri berdinek.
Iritzi ezberdinak
Iragan ostiralean, "elkarrizketa saiakera" egiteko borondatea azaldu zuen Silvak, "gutxieneko akordio" batera heltzeko gaurko bileran. Bi sektoreen arteko presidentetza paritario bat izateko proposamena aurkeztuko zuela erantsi zuen.
Bestalde, Kontseilu Politikotik "egotzitako" bederatzi lagunak onartzen ez baldin badituzte "akordioa posible izango ez" dela adierazi duen Aranak iragan astean, baina "egoera deitoragarriari irtenbide bat emateko gogoeta egingo" zuela gaineratu zuen.
Alderdikideen errolda kanpoko enpresa baten esku uztea eta kuotak kobratzea defendatzen du Aranak. Madrazoren sektoreak, ostera, subiranotasuna galtzea dela uste du. Gainera, maiatzaren 21ean egindako Kontseilu Politikoan desadostasunak areagotu ziren, Madrazoren sektoreak bederatzi kide ordezkatzea lortu zuelako.