Politika -

Bilera Iruñean

EAk eta ezker abertzaleak aldaketaren premia aldarrikatu dute

Biek izenpetuta kaleratu duten txostenean, egungo egoeraren "izaera historikoan" sinesten dute eta "momentu politikoaren mailan" egoteko "ardura" dutela uste dute.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Alkartasunako (EA) eta ezker abertzaleko kideek bilera egin dute gaur Iruñean eta "aldaketa politikoa beharrezkoa eta posible" dela azpimarratu dute.

Koldo Amezketa eta Eva Aranguren EAko kideak eta Txelui Moreno eta Marine Pueyo ezker abertzalekoak ordu betez bildu dira Euskal Herriaren eta Nafarroaren egoera politikoaz hitz egiteko, EAren egoitzan.

Bileraren ostean, agiri bat kaleratu dute eta bertan azaldu dutenez, "ibilbide eta kultura politiko desberdinak ditugu eta, zenbait gaitan bat egiten ez badugu ere, Euskal Herriaren normalizazio politikoa eta bakea lortzeko aukerak ireki" daitezkeela uste dute.

Biek izenpetuta kaleratu duten txostenean, egungo egoeraren "izaera historikoan" sinesten dute eta "momentu politikoaren mailan" egoteko "ardura" dutela uste dute.

Txostenak dio Nafarroan, eta baita Euskal Herri osoan ere, "aurrerakoi, abertzale, eta ezkertiarren arteko akordio zabal eta bateratzailea" lortu behar dela aldaketa sozialaren eta politikoaren inguruan.

Bide horretan, alderdiez gain, "gizartearen inplikazio zabala" ere lortu behar dela azpimarratu dute, argi utziz "bide hau soilik bide politikoak erabiliz eta pertsona ororen eskubide zibil eta politiko guztiak errespetatuz" egin behar dela.

Eusko Alkartasunak eta ezker abertzaleak Nafarroan "sakoneko aldaketaren inguruan eztabaida bultzatzeko" konpromisoa hartu dute, eta horretarako egokitzat jo dute ''Nafarroa aldatzen'' izeneko ekimena.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea