Politika -
Alfonso Alonsoren tokia
Javier Marotok Gasteizko Udala utzi du, Kongresura joateko
Han Alfonso Alonsoren tokia beteko du. Aurrerantzean, Leticia Comerón izango da PPren bozeramailea Arabako hiriburuan.
Agentziak | Erredakzioa
Javier Marotok Gasteizko Udala utzi du, Madrilgo Diputatuen Kongresuan Alfonso Alonsoren tokia betetzeko. 17 urte zeramatzan Gasteizko Udalean, eta 2011 eta 2015 bitartean bertako alkate izan zen. Gaur egun Gasteizko Udaleko PPko bozeramailea zen.
Alonso Alonso Euskadiko PPko presidenteak gaur utzi diputatu akta Kongresuan, Eusko Legebiltzarreko parlamentariarena hartzeko. Ondorioz, Javier Marotok hartuko du Alonsoren tokia Madrilen.
Aurrerantzean Leticia Comerón izango da PPren bozeramailea Arabako hiriburuan.
Berriz ere hauteskunde orokorrak deituko balituzte, Maroto izango litzateke PPko Arabako zerrendaburua, alderdiko iturriek jakitera eman dutenez. Marotoren ustez ‘’aukera bat’’ bat da hau Araba ‘’mapan jartzeko’’.
Alkatetza eta zigorra
Azken tokiko hauteskundeetan Marotoren hautagaitzak irabazi zituen hauteskundeak Gasteizen, 9 zinegotzi eskuratuta. Hala ere, ezin izan zuen alkatetza berriz ere eskuratu, ez baitzuen gainerako alderdien babesa jaso izendapenean.
Hala, Gorka Urtaran jeltzalea da egun Gasteizko alkatea, EH Bilduren, Sumando Hemen Gaude (Podemos) alderdiaren eta Irabaziren babesarekin. Egun, sozialisten babesa du gobernu taldean.
Marotoren ibilbide politikoa Gasteizko Udalean 1999an hasi zen, Alfonso Alonsoren hautagaitzak hauteskundeak irabazita. Maroto Ogasun zinegotzi izendatu zuten orduan. 2007ra arte jardun zuen kargu horretan.
Joan den maiatzean Kontu Auzitegiak 393.862 euroko zigorra ezarri zion, ‘San Antonio’ kasua dela-eta. Zehazki, kontratu bat merkatuko prezioan baino askoz ere garestiago sinatzea leporatu zien Espainiako Kontuen Auzitegiak.