Politika -
San Antonio auzia
Alonsok eta Marotok helegitea aurkeztu dute Kontu Auzitegiaren aurrean
Gasteizko Udaleko diru-kutxari 393.000 euroko kaltea eragiteagatik zigortu zituzten. Kontu Auzitegiaren ebazpenaren aurka helegitea aurkeztu dute 'kontu ardura ez dela egiaztatuta geratu' iritzita.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Alfonso Alonso Espainiako jarduneko Osasun ministroak, Javier Maroto PP alderdiko Sektore Ekintzako idazkariordeak eta Gasteizko Udaleko diru-kutxari 393.000 euroko kaltea eragiteagatik zigortu zituzten gainerako pertsonek helegitea aurkeztu dute gaur Estatuko Kontu Auzitegiaren aurrean.
Alonso alkate eta Maroto Ogasuneko zinegotzi zirenean Udal Gobernuak kontratu bat sinatu zuen Gonzalo Anton enpresaburuarekin bulego batzuk alokatzeko. Aipaturiko kontratuak 7,6 milioi euro ordaintzera behartzen zuen Udala lokal bat 20 urtez erabiltzearen truke. Antonek 2,7 milioi euroren truke erosi zuen eraikin hori urtebete lehenago.
Arabako PPk ohar bidez azaldu duenez, Estatuko Kontu Auzitegiaren ebazpenaren aurka helegitea aurkeztu dute "kontu ardura ez dela egiaztatuta geratu" iritzita.
'Popularren' esanetan, Kontu Auzitegiak "loteslea ez den merkatuari buruzko txosten bat hartu du erreferentzia gisara". Alderdi Popularrak ziurtatu duenez, "aipaturiko txosten hori ez da tasazio ofiziala, aitzitik, alokairu merkatuari buruzko gutxi gorabeherako txostena da eta ez du alokairuaren prezio ezartzen".
Bestalde, Arabako Alderdi Popularrak nabarmendu du urte horietan guztietan ez kontu-hartzaileek eta ezta Gasteizko Udaleko idazkari nagusiak ere ez zutela inolako eragozpenik jarri.