Politika -
Autodeterminazioa
Independentziaren aldeko laugarren kontsulta eguna, Katalunian
Guztira 44 udalerritan egin dira kontsultak eta ia 500.000 lagunek izan dute boto eskubidea. Gaurkoekin batera, 508 herritako biztanleek izan dute bozkatzeko aukera.
Erredakzioa
Kataluniak independentziaren aldeko laugarren kontsulta eguna izan du. Erreferenduma 44 herritan egin da, hauteslekuak 09:00etan zabaldu eta 20:00etan itxi dira.
Ia 500.000 lagun deituta egon dira independentziaren aldeko kontsultetan parte hartzera.
Laugarren kontsulta egun honetan, Mataro, Cornella, Sant Feliu de Llobregat, Sant Boi de Llobregat, Olesa de Montserrat eta Cerdanyola del Valles herrietako biztanleek hartu dute parte.
140 hautesleku eta 315 hautestontzi egon dira boto emaileen esku eta 5.000 bolondres inguru parte hartu dute kontsultan.
Herri horien artean, Mataro da biztanle gehien dituen herria. Bertan 101,576 lagunek dute parte hartzeko eskubidea, 16 urteko gazteak eta udalerrian errolda eginda duten atzerritarrak barne.
Gaurkoekin batera, 508 herritako biztanleek izan dute bozkatzeko aukera. Momentuz ez da kontsulta gehiagorik egingo 2011ko apirilaren 10era arte. Orduan, Bartzelonako biztanleek izango dute independentziaren inguruan duten iritzia adierazteko aukera.