Politika -
EA-Ezker Abertzalea akordioa
PSEk eta PPk suizidio politikotzat eta paranoiatzat jo dute akordioa
Alderdi politiko gehienek kritikatu egin dute Eusko Alkartasunak eta ezker abertzaleak atzo sinatu zuten akordioa. Orain arte, NaBaik soilik ikusi du aurrerapauso bat.
Erredakzioa
Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak adierazi du "arduragabekeria" litzatekeela Eusko Alkartasunak bere siglak utzita Batasunari "estaldura ematea", eta hortaz, hori ez gertatzea espero duela gaineratu du.
Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, Aresek esan du EAk "arduragabekeria" hori gauzatuko balu, egoera "larria" izango litzatekeela eta "aurre" egin beharko lioketela une horretan.
Bere esanetan, "indarkeriatik aldendu ez direnekin" akordioak egitea iraganean ere egindako akatsak errepikatzea da.
Jose Antonio Pastor PSE-EEren bozeramaileak uste du EAk "bere buruaz beste" egin duela "politikoki", izan ere, "siglak mantenduko dituzte, baina erabat fagozitatuta". Gainera, Jesus Egiguren euskal sozialisten burua "baikorregi" jokatzen ari dela salatu du, eta esan du "erratu" egin dela ezker abertzalean "aldaketa handia" izan dela dionean.
Egigurenek, berriz, ezker abertzaleari eta ETAri buruz dituen tesiak babestu ditu, eta alderdi barruko kritiken gainetik, honakoa adierazi du: "Batzuetan, badirudi norbaitek astakeria bat esan duela edo hanka sartu duela, baina denbora pixka bat igarotzen denean arrazoia zuela ohartzen gara. Hau da, horietako bat naizela uste dut".
Hori horrela, "esaten duten guztia egiten badute, euskal erakundeek aztertuko dute nola sendatu terrorismoak eragin dituen zauriak".
Egigurenek, gainera, uste du ezker abertzaleak eta EAk sinatutako akordioa ez zela "aurrerapauso handia izan". "Atzokoak guretzako ez du garrantzirik. Haientzat badu, beste alderdi baten laguntzarekin indarra hartuko baitu behar duena egiteko", gaineratu du.
Antonio Basagoiti PPko buruzagiak esan du atzo EAk eta ezker abertzaleak sinatutako akordioa "paranoia" dela, "independentzia edo hilketa planteatzen duelako". Horrez gain, Zuzenbide-estatuari datozen hauteskundeetan zerrenda bat ere ezin zaiola "pasatu" esan du. "Gizarteari argi esan behar diogu hau ez dela gerra bat, ez daudela bi bando", erantsi du.
RNE irrati-katean egindako elkarrizketa batean, Basagoitik adierazi duenez, "hitzarmen hori paranoia bat da, ETA gaitzesten ez duelako, indarkeria guztiak parean jartzen dituelako, biktimak eta borreroak maila berean jartzen dituelako, eta biktimak bi aldeetan daudela eta bi biolentzia daudela, Estatuarena eta eurena, sinestarazi nahi gaituztelako".
Gorka Maneiro UPyDren legebiltzarkideak esan du EAk eta ezker abertzaleak atzo egin zuten ekitaldia "iraina eta zentzugabekeria bat" dela herritarrentzat eta, gainera, debekatu egin behar zutela iritzi dio.
Maneirok agiri batean azaldu duenez, "foro soberanistak ez du ETA desagertu arte itxaron, hala hitz eman bazuten ere, eta mehatxu terroristak bere horretan jarraitzen duen momentu batean osatu dute", eta hori "suizidio politikoa da ETArentzat eta ezker abertzalekoen azkenaurreko aukera euskal erakundeetan egoteko, ETA kritikatu ere egin gabe".
Bestalde, Nafarroako Gobernuaren iritzian, EA eta ezker abertzalearen arteko akordioa "aberrazio politiko eta soziala da". Alberto Catalan bozeramaileak esan duenez, horrelako akordioekin "ETAri eta haren inguruari oxigenoa ematen zaio berriro ere, Lizarra-Garaziko akordioarekin edota beste tregua-tranpa batzuekin gertatu zen moduan".
Catalanen arabera, "ETA desagertzen ez den bitartean eta bere ekintza terroristak gaitzesten ez diren artean, ezin da terroristekiko begirunerik izan".
"Atzoko itunak, tamalez, agerian utzi du euskal nazionalismoa Nafarroako eta Espainiako gizartearen interesetatik erabat urrun dagoela", azpimarratu du.
Nafarroako alderdi politiko gehienek uste dute atzo sinatutako akordioan ETAri aipamen zuzena egin behar zitzaiola eta EAk eta ezker abertzaleak armak uzteko exijitu behar ziotela. Nafarroa Baik, ordea, normalkuntza politikoa lortzeko beste urrats bat eman dela iritzi dio.
Leire Pajin PSOEko Antolaketa idazkariak ez du onartuko PPko inork leziorik ematea euskal sozialista bati. Hori adierazi du, "PSOEren jarrera Eguigurenek defendatzen duena ez" dela azpimarratu ostean, baina bere alderdiak ez du PSEko presidentea zigortzeko asmorik, egindako adierazpenengatik.
"PSOEk terrorismoaren kontra historikoki egin duen borroka inork zalantzan jartzea ez" duela onartuko ere adierazi du.