Politika -
EA-Ezker Abertzalea akordioa
Batasuna: 'Gobernuak badaki hauteskundeetan parte hartuko dugula"
Txelui Moreno ezker abertzaleko buruzagiak esan du EArekin sinatu duten ituna irekita dagoela "Euskal Estatua eraiki nahi duen ororentzat".
Erredakzioa
Txelui Morenok esan du, "inolako zalantzarik gabe", ezker abertzalea datorren urteko hauteskundeetan izango dela eta Espainiako Gobernuak berak ere hori oso garbi daukala nabarmendu du.
Info7 irratian egindako elkarrizketa batean, ezker abertzaleak eta Eusko Alkartasunak atzo sinatutako ituna izan du hizpide eta bertan egin ditu adierazpenok.
"Ez dugu inolako zalantzarik hauteskundeetan izango garela", esan du Batasuneko Mahai Nazionaleko kide izandakoak. Aitzitik, gakoa hori nola egikaritu izango dela erantsi du. "Nola egin behar den guk argi dugu: Estatuak demokraziaren testa gainditu behar du, ezkertiarrak hauteskundeetan egon ahal izateko", azaldu du.
EA eta ezker abertzalearen arteko hitzarmenaren harira, Txelui Morenok iragarri du Espainiak "muturreko indarkeria" erabiliko duela estrategia berri horrek aurrera egin ez dezan.
Akordio berri honek "Estatu espainiarraren estrategia hautsi du eta Espainiaren batasun sakrosantua zalantzan jartzen duen guztia kolpatuko dute", deitoratu du. Bestalde, EArekin sinatu duten ituna irekita dagoela "Euskal Estatua eraiki nahi duen ororentzat" azpimarratu du Txelui Morenok.