Politika -
Dirua zuritzea egotzita
Barberak Auzitegi Gorenean deklaratuko du gaur Imelsa auziagatik
Gaur goizeko saioan, Candido Conde-Pumpido Auzitegi Goreneko instrukzio-epaileak galdekatuko du.
Agentziak | Erredakzioa
Candido Conde-Pumpido Auzitegi Goreneko instrukzio-epaileak galdeketa egingo dio gaur goizean Rita Barbera Valentziako alkate ohi eta senatariari. Imelsa kasuaren ondorioz abiatutako Taula Operazioaren baitan, PPren Valentziako Udaleko taldean dirua zuritzea egotzi diote.
Fiskalaz eta Barberaren abokatuaz gain, PSOEren abokatua ere izango da saioan, Auzitegi Goreneko zigor-arloko salak alderdi hori akusazio partikular gisa parte hartzea onartu ostean.
Irailaren 13an Auzitegi Goreneko zigor-arloko sala senatari popularra ikertzen hasi zen Ministerio Publikoaren irizpidea kontuan hartuta. Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuen garaian (2004-2011) Espainiako Estatuko fiskal nagusi izandakoa aukeratu zuten kasuaz ardura zedin.
Imelsa kasutik bereizitako pieza honetan, 47 pertsona ikertzeaz gain, PP ere inputatu dute pertsona juridiko gisa. Zenbait zinegotzik eta aholkularik egindako 1.000 euroko donazioak ikertzen ari dira; izan ere, donazioa egin ondoren, PPk bueltatu egiten omen zien dirua, legez kanpoko jatorria omen zuten 500 euroko billeteak erabilita, diru hori zuritzeko asmoz. Barberaren auzia Auzitegi Gorenak kudeatuko du, forupekoa baita.