Politika -
Valentzia
Imelsa auziagatik deklaratzera joango dela baieztatu du Barberak
Instrukzio epaileak egindako eskaintza onartu du senatariak, eta errugabea dela berretsi du.
EITB.EUS
Rita Barbera Valentziako alkate ohi eta PPko senatariak gaur jakinarazi duenez, Imelsa auzia ikertzen ari den epaileak emandako aukera onartu du, eta, horrenbestez, bere borondatez joango da deklaratzera. Ez du argitu, ordea, noiz eta nola egingo duen.
Valentziako Udalean ustez izandako ustelkeria kasuaren sumarioa sekretupetik atera eta ordu gutxira eskainitako prentsaurreko batean egin du iragarpena Barberak. Alkate ohia foruduna izaki, Gorenari dagokio ikertzea, baina Valentziako instrukzio epaileak uste du badaudela nahikoa zantzu Barberari dirua zuritu izana egozteko, eta bere borondatez deklaratzera joateko aukera eman dio.
Denbora gutxian bigarren aldiz agertu da kazetarien aurrera. Aurreko prentsaurrekoan, otsailaren 25ean, esan zuen bezala, Valentziako alkate izan den 24 urteetan ez zuen dirua zuritzerik agindu. Errugabea dela berretsi du oraingoan ere.
PPko senatariak iragarri duenez, ez du dimititzeko asmorik. "Inork ez dit atzerapausoa emateko eskatu, justu kontrakoa", esan du, eta Mariano Rajoy jarduneko presidentearekin hitz egin duela eta oso elkarrizketa "adeitsua" izan dutela azaldu du. Zertaz mintzatu diren, baina, ez du argitu, "elkarrizketa pribatua izan baita".
Valentziako PPko udal taldearen "inputazio globala" deitoratu eta PPren estatutuak beteko dituela berretsi du Barberak. Hau da, Imelsa auziagatik bere kontrako ahozko saioa zabalduko balitz, senatari akta utziko lukeela adierazi du.
Arratsaldean, Madrilen
Arratsaldean Senatuan egingo den osoko bilkurara joango dela aurreratu du Barberak, eta ukatu egin du orain arte "absentismoa" izan izana. "Senatuak ez du jarduerarik izan", argudiatu du.