Politika -
Auzitegi Konstituzionala
Baliteke aste honetan bertan adostea Estatutaren epaia
Konstituzionala batzartu egingo da gaur berriz, eta Maria Emilia Casas epaimahaiko presidenteak proposatutako epaia bozkatuko du.
Erredakzioa
Auzitegi Konstituzionaleko osoko bilkurak berriz hartuko du gaur hizpide Kataluniako Estatuta, eta Maria Emilia Casas epaimahaiko presidenteak proposatutako epaia bozkatuko du. Casasek berak eskatuta, baliteke epaia blokeka edo arauka bozkatzea, uda baino lehen akordioa lortzeko helburuz. Eztabaidaren erritmoa eraginkorra bada, behin betiko erabakia asteon helduko ei da. Kataluniako Gobernua epaimahaia osatzen duten epaileek epaia ematea galarazten saiatu da, haietako herenak agintaldia bukatu baitu dagoeneko. Konstituzionalak ez duela zilegitasunik iritzi dio Generalitateak.
Auzitegiak errefusatu egin ditu Kataluniako Gobernuak eta Kataluniako Parlamentuak aurkeztutako erregu-helegiteak eta Pablo Perez Tremps epaile progresista epaimahaian berriz sartzeko eskaera (kendu egin zuten, PPk eskatuta).
Casasen proposamena
Epaimahaiko presidenteak proposatutako zirriborroa Elisa Perez Vera epaile progresistak aurkeztutakoaren antzekoa da, baina aldaketa batzuekin.
Hain zuzen ere, 13 puntu Konstituzioaren aurkakoak direla ezartzea eta beste 24ri interpretazioa ematea proposatu du Casasek.
Epaiaren osotasunaren inguruan akordioa lortzea zail izango litekeela ikusita, blokeka bozkatzearen alde agertu da.