Politika -
Auzitegi Konstituzionala
Estatutaren epaia onartu du Konstituzionalak
Estatutaren zatirik handiena onartu du Auzitegi Konstituzionalak. Aldeko sei boto jaso ditu ebazpenak eta kontrako lau. Gainera, Estatutaren 15 artikulu inkonstituzionaltzat jo ditu auzitegiak.
Erredakzioa
Eztabaidak amaitu ditu Auzitegi Konstituzionalak eta Kataluniako Estatutaren epaia onartu du.
Estatutaren zatirik handiena onartu du Konstituzionalak, ebazpenak aldeko sei boto jaso dituelarik, eta kontrako lau.
Honenbestez, Maria Emilia Casas presidenteak idatzitako txostenean oinarritutako sententzia bat onartu du Konstituzionalak osoko bilkuran, auzitegiko iturriek jakinarazi dutenez.
Casasen zirriborroa eztabaidatu duten zazpigarrena izan da, eztabaidak duela bi urte eta erdi hasi zirenetik. PPk errekurritutako puntu gehienak konstituzionaltzat jotzen zituen Casasen zirriborroak.
Hala ere, testuak aldaketa batzuk izan ditu azken orduetan. Konstituzionaleko presidenteak berak sartu ditu aldaketak, epaia onartzeko beharrezkoak ziren botoak lortu nahian. Horrela, artikuluz artikulu bozkatzea saihestu dute.
15 artikulu inkonstituzional
Estatutaren 15 artikulu inkonstituzionaltzat jo ditu auzitegiak, bozketan 8 boto alde eta bi kontra jaso ostean.
30-35 artikuluk interpretazio-idazketa izango dute, sei magistratuk alde eta lau kontra bozkatu ostean. Artikulu bloke honetan gai gatazkatsuak daude, nazioa edo hizkuntza esaterako.
Lau bozketa
Azkenik, osoko bilkurak blokeka bozkatu behar izan du: Sarrera (aldeko 6 boto eta kontrako 4); artikulu inkonstituzionalak (8 boto alde eta 2 kontra); artikulu konstituzionalak (6 alde eta 4 kontra) eta interpretazioa izango duten artikuluak (6 alde eta 4 kontra).
Ramon Rodriguez Arribas, Jorge Rodriguez Zapata, Vicente Conde eta Javier Delgado sektore kontserbadoreko lau magistratuek boto partikularrak idatziko dituzte.
Horrela, txostenean zenbait aldaketa sartuz Manuel Aragon progresistaren eta Guillermo Jimenez kontserbadorearen babesa lortu du Konstituzionaleko presidenteak. Elisa Perez Vera, Eugeni Gay eta Pascual Sala progresistekin bat egin dute, eta baita Casasekin ere.
Epaiaren berri gaur emango die aldeei auzitegiak.
Jose Montilla Kataluniako presidentea "haserre" agertu da epaia ezagutu ostean eta PP zein Auzitegi Konstituzionala gogor kritikatu ditu. Gainera, Kataluniaren autogobernua defendatzeko manifestaldi bateratua egiteko dei egin die herritarrei.
Maria Teresa Fernandez de la Vega Gobernuko presidenteordeak esan duenez, epaia PPren "erabateko porrot" bat izan da, eta Katalunia eta eredu autonomikoa berrindartu ditu. Era berean, Exekutiboak izandako jarrera berretsi du sententziak, De la Vegaren hitzetan.
Konstituzionalaren epaia "pozik eta lasai" hartu du Jose Luis Rodriguez Zapatero Gobernuko presidenteak, Exekutiboko iturriek jakinarazi dutenez.