Politika -

Aurrekontuak

Egibar: 'PPren lehentasuna PSOErekin elkar ulertzea da, ez EAJrekin'

EAJren legebiltzarkidearen esanetan, 'oso zaila' izango da jeltzaleek Espainiako estatuko kontuak babestea.

Joseba Egibar, Radio Euskadiko tertulian. Argazkia: EiTB
Joseba Egibar, Radio Euskadiko tertulian. Argazkia: EiTB
Aurrekontuen negoziaketan PPk PSOErekin hitz egitea du lehentasun

1:15

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joseba Egibar EAJren legebiltzarkidearen iritziz, PPren lehentasuna PSOErekin elkar ulertzea da Espainiako estatuko aurrekontuak onartzeko, baina ez EAJrekin. Radio Euskadiko Parlamento en las Ondas tertulian adierazi duenez, "jeltzaleon kontuak ondoren datozela esaten digute". Beraz, Egibarrek oso zaila ikusten du jeltzaleek aurrekontuak babestea.

Era berean, Egibarrek azaldu du PPk erkidegoetako finantziazioa konpondu behar duela, eta ondorioz, "PSOE estutzen" ari dela, sozialistek hainbat erkidegotan gobernatzen baitute. "EAJ ondoren doala esaten ari zaizkigu", argitu du: "lehenik eta behin, erkidegoetako finantziazioa. Gainerakoa atzeratu egin dute".

PPk PSOErekin elkar ulertu nahi duela berretsi du buruzagi jeltzaleak, nahiz eta popularrek badakiten sozialistek ezin dituztela aurrekontuak onartu, alderdiaren kongresuaren atarian daudela kontuan izanik.

Azkenean PSOEk aurrekontuak baztertuz gero, "EAJri begiratuko diote guztiek, eta EAJk ez du iruzurrik egiten: akordioak nahi izanez gero, euskal agenda eta aurrekontuak daude oinarrian, baita Kupoa, bakea eta bizikidetza ere", gaineratu du Egibarrek.

Azkenik, bozeramaile jeltzaleak esan duenez, "negoziaketen salerosketa alde batera utzita, eredua agortuta dago. Rajoy azken lau urteotan ez du EAJ ezertarako behar izan. Orain, ordea, bakarrik dago, eta alderdi batek behar duenean baino ez badu funtzionatzen, negoziazioa zaila izan ohi da".

Borja Semper Gipuzkoako PPko presidenteak erantzun dio Joseba Egibarri. Popularraren aburuz, "batetik, EAJk biktima gisa eta itxurakeriaz egindako adierazpenak daude; bestetik, ordea, errealitatea dago: Estatuko aurrekontuen inguruan negoziatzen ari dira Madrilen". Bi instituzioren arteko harreman arrunta dagoela dio Semperrek, batzuetan bat ez datozen arren, "erabakiak adostea ere lortzen dutelako, gastu-sabaiaren akordioa (EAJk babestu duena), kasu".

Semperrek gogoratu du "PPk Estatuko aurrekontuak adostu behar dituela, baina EAJk ere Eusko Legebiltzarrean sozialistekin duen akordioa zabaldu behar duela, Jaurlaritzak ez duelako gehiengorik EAEko aurrekontuak onartzeko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PNV-EAJ Alderdi Sozialista Alderdi Popularra Joseba Egibar bideoak Eguneko albisteak