Politika -
Diputatuen Kongresuan
PPren Gobernuak proposatutako gastu-sabaiaren alde bozkatuko du EAJk
Jeltzaleek, sozialistek eta Ciudadanosek Espainiako Gobernua babestuko dute datorren urterako gastu-sabaia onartzeko. Bestalde, jeltzaleek abstentziora joko dute ekonomiako neurri-sortaren bozketan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
EAJk Espainiako Gobernuak proposatutako gastu-sabaiaren alde bozkatuko du ostegunean Diputatuen Kongresuan egingo den osoko bilkuran, Aitor Esteban EAJk Kongresuan duen bozeramaileak gaur baieztatu duenez. Horren esanetan, Espainiako Gobernuarekiko negoziazioetan aurrerapenak antzeman dituztelako emango dute jeltzaleek aldeko botoa.
Jeltzaleek, sozialistek eta Ciudadanosek Espainiako Gobernua babestuko dute datorren urterako gastu-sabaia onartzeko. Bestalde, jeltzaleek abstentziora joko dute ekonomiako lehen neurri-sortaren bozketan.
Estebanen hitzetan, Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia sailburuak eta Cristobal Montoro Espainiako Ogasun ministroak aurreko asteko astelehenean izandako bileran aldebikotasuna berreskuratu eta defizit muga hamarren bat igo izana onuragarria da Euskadirentzat. Gaineratu duenez, bilera hartan aurrerapauso garrantzitsua eman zen, besteak beste, Euskal Autonomia Erkidegoaren berezitasuna aitortu zelako.
Bestalde, Aitor Estebanek zehaztu du gastu-sabaiaren gaian Espainiako Gobernua babesteak ez duela loturarik Espainiako Aurrekontu Orokorrarekin. Ildo horretan, Alderdi Popularrarekin ez dutela Aurrekontuen inguruko negoziaziorik irekita nabarmendu du.