Politika -
Eusko Legebiltzarra
Jaurlaritzak diru funts bat sortuko du enpresak finantzatzeko
Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak legealdiko asmoen berri eman du Legebiltzarreko batzordean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak gaur iragarri duenez, Eusko Jaurlaritzak diru funts bat sortuko du estrategikoak diren enpresak finantzatzeko eta horietan parte-hartzea izateko, euskal enpresek sustraia gal ez ditzaten. Halaber, Jaurlaritzak bulego bat irekiko du Londresen, Erresuma Batuko merkatuan sartu nahi duten enpresei bidea irekitzeko.
Tapia sailburuak legealdiko asmoen berri eman du Eusko Legebiltzarreko Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura batzordean.
Industriak euskal ekonomiaren "motorra" izaten jarraituko duela adierazi ostean, Tapiak onartu du "ikuspegi kontzeptual eta estrategiko" berria behar dela, gaur egungo industria "fabrikazioa baino askoz ere gehiago" dela iritzita.
"Aldaketak etengabeak dira eta Eusko Jaurlaritzak industria politika integral bizi eta malgu bat lortzeko lan egingo du, etengabeko aldaketetara azkartasunez egokitzeko gai izango dena", nabarmendu du.
Sailburuaren esanetan, Jaurlaritzak euskal industriak ekonomian duen pisua % 25ekoa izatea nahi du 2020an. Hori dela eta, diru funts bat sortuko du euskal enpresen sustraitzea errazteko. Helburu nagusiak hauek dira: hazten ari diren enpresa taldeetan inbertitzea eta enpresa ertainen garapena bermatzea.
Tapiak adierazi duenez, bere sailaren lehentasunetako bat arazo koiunturalak dituzten enpresak babesten jarraitzea izango da eta horretarako Bideratu programa erabiltzea, finantza baliabideak baliatzea edota inbertsoreak bilatzea proposatu du.
Nazioartekotze alorrean, berriz, Euskadik nazioartean presentzia irabazi beharra duela uste du Tapiak. Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzak bulego berri bat irekiko du Londresen, Erresuma Batuko merkatuan sartu nahi duten enpresei laguntza eskaintzeko.