Politika -
Ustelkeria Araban
'De Miguel' auziko epaileak bi ertzain auzipetu ditu
Epailearen arabera, bi ertzainek EAJko diputatu ohiaren bulegoan atzemandako dokumentu "garrantzitsu" batzuekin erlazioa izan dezakete, Radio Euskadik jakin ahal izan duenez.
Erredakzioa
''De Miguel'' auzia arautzen duen epaileak Ertzaintzaren ikerketa alorreko bi agente auzipetu egin ditu, gaur Radio Euskadik iragarri duenez. Iragan martxoan Ertzaintzak Alfredo de Miguel (EAJ) Arabako Toki-administrazioko diputatua atxilotu zuen EAJko beste goi kargu batzurekin batera. Dirua zuritzea eta eroskeria egotzi diete.
Epailearen arabera, bi ertzainek EAJko diputatu ohiaren bulegoan atzemandako dokumentu "garrantzitsu" batzuekin erlazioa izan dezakete.
Hala ere, epaileak ez ditu ''De Miguel'' auzian auzipetu, eta atzemandako dokumentu horiekin erlazionatutako prozesu berria irekitzea erabaki du.
Ertzainek epailearen aurrean deklaratu dute gaur. Epaileak, berriz, auzia sekretupean gordetzea erabaki du.
De Miguelekin batera, Alfonso Arriola eta Araba Buru Batzarreko kidea den Aitor Telleria ere atxilotu zituzten.