Politika -
Arabako PPren batzarra
PSOE alternatiba izateko ez dela gai esan du Marotok
'Ezinezkoa da Espainiarentzat baliagarria izatea, zein jarrera duten edota beren diskurtso politikoetatik zein lehenetsiko den argitu ez dutenean' nabarmendu du.
Agentziak | Erredakzioa
Javier Maroto PPko Gizarte Politikarako idazkariordeak gaur baieztatu duenez, "oso agerikoa" da PSOE barruan dagoen zatiketa, eta horrek ez dio ahalbidetzen egungo Espainiako Gobernuari aurre egiteko "beste aukera bat eraiki ahal izatea".
Marotok galderarik gabeko agerraldia egin du hedabideen aurrean, Gasteizen, Arabako bere alderdiko agintari eta karguekin bilera egin ostean.
Bere alderdiak egindako azken biltzarraren ondoren, PP "batuago" dagoela adierazi du, eta ezaugarri hori ezinbestekotzat jo du, Espainia Gobernatu ahal izateko.
Bere iritziz, "beste aukera bat gisa azaldu nahi duten alderdiek arazo larria dute" daukaten batasun ezagatik, batez ere alderdi sozialistak, "zalantzarik gabe barne arazo gehien dituen alderdia baita", gaineratu du.
Nabarmendu duenez, "ezinezkoa da Espainiarentzat baliagarria izatea, zein jarrera duten edota beren diskurtso politikoetatik zein lehenetsiko den argitu ez dutenean".
Marotoren esanetan, PSOE "Pedro Sanchezen 'ez, ezetz da' esaldiaren eta Susana Diazen zehaztugabetasunaren artean dago zatituta", eta batasun falta horrek "ezgai" bihurtzen ditu Mariano Rajoyren Gobernuaren aurrean beste aukera bat izateko.
Batasunarekin batera, bere alderdiak "adostasunetara heltzeko duen ahalmena" azpimarratu du Marotok. Bere ustez, bere alderdiak "primeran ulertzen" du Espainiak aurrera egingo badu, hori "desberdinen artean adosten denaren bidez besterik ez dela lortuko".
Argitu duenaren arabera, "adostea ez da inposatzea", eta Estutuko Aurrekontu Orokorrei buruz, azaldu du Ciudadanos eta Coalicion Canaria alderdietatik haratago doazen akordioak erdietsi nahi dituztela.
"Alderdien artean elkar ulermena egon behar du eta adostu egin behar dute, baina adostea ez da inposatzea, eta ezin daitezke akordioak eskatu titularren bidez", zehaztu du.