Politika -
Ekitaldia
Matxitxakoko Guduko biktimak omendu dituzte Bermeon
Gerra Zibilean Kantauri itsasoan izandako borrokarik garrantzitsuena izan zen Matxitxakoko Gudua.
Agentziak | Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak, Bermeko Udalak eta Matxitxako Elkarteak Itxas Gudari Eguna ospatu dute gaur goizean, Matxitxakoko Guduan hildako pertsonak oroitu eta omentzeaz gain. Gerra Zibilean Kantauri itsasoan gertatutako borrokarik esanguratsuena izan zen. Orain dela 80 urte jazo zen, 1937ko martxoaren 5ean: Eusko Jaurlaritzaren eta frankisten marinak izan ziren aurrez aurre.
Nestor Basterretxearen 'Matxitxakoko Guda' eskulturaren alboan antolatu dute ekitaldia, Bermeo eta Bakio arteko errepidean. Lore-eskaintza ez ezik, Kukai dantza-taldeak emanaldia eskaini du eta 'Boga, boga, mariñela' abestu dute.
Besteak beste, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Eider Mendoza Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea eta Aintzane Ezenarro izan dira omenaldian, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria.
Gainera, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak eta Gobernantza Publikorako eta Autogobernurako sailburuak hitz egin du. Martxoaren 8an ospatuko den Emakumearen Nazioarteko Eguna dela eta, Gerra Zibilean parte hartu zuten emakumeak izan ditu gogoan. Euzko Itsas Gudarosteko kide izan ziren hiru izen gogoratu ditu, bereziki: Paquita Garcia, Maria Luisa Jimenez Alzaga eta Miren Lenizbarrutia.