Politika -
Ikerketa Batzordea
PP ikertzeko PSOEk, Podemosek eta Ciudadanosek bat egin dute
Espainiako instituzioek beraien lana arazorik gabe egiten duten argitzeko PPren finantziazioa ikertzea funtsezkoa dela arrazoitu dute alderdiek.
Agentziak | Erredakzioa
Alderdi Popularraren ustezko legez kanpoko finantziazioa ikertzeko PSOEk, Podemosek eta Ciudadanosek bat egin dute asteazken honetan. Zehazki, kontratu publikoen truke komisioak ordaindu dizkieten argitzeko Ikerketa Batzordea sortzea eskatu dute Espainiako Diputatuen Kongresuan.
Antonio Hernando (PSOE), Irene Montero (Podemos) eta Juan Carlos Girauta (Ciudadanos) elkarrekin joan dira Kongresuko erregistrora. Espainiako instituzioek beraien lana arazorik gabe egiten duten argitzeko PPren finantziazioa ikertzea funtsezkoa dela arrazoitu dute alderdiek. Ildo horretatik, sortu litekeen edozein zalantza argitzen lagunduko duela esan dute.
Alderdi horien esanetan, PPren ustezko legez kanpoko finantziazioa politikoek argitu behar dute, eta, ondorioz, Ikerketa Batzordea sortzeak helburu politikoa du, ez judiziala. Ildo horretatik, PPren ustezko ustelkeria kasuek gizartean eta hedabideetan sortu duten zalaparta aipatu dute, eta erantzun politikorik ez dutela jaso dirudiela arrazoitu dute batzordea sortzeko. Era berean, epaitegien moteltasuna aipatu egin dute.
Ikerketa Batzordea Alderdi Popularreko bost kidek, PSOEko lau ordezkarik, Unidos Podemoseko lau kidek, Ciudadanoseko hiru ordezkarik, EAJko kide batek, ERCko beste batek eta talde mistoko bi ordezkarik osatuko dute.
PSOE, Podemos eta Ciudadanoseko ordezkariek ziurtatu dutenez, ikerketaren emaitzak emateko sei hilabeteko epea izango dute Ikerketa Batzordea osatzen denetik. Lan hori burutzeko, epaileei behar dituzten txosten guztiak eskatzeko baimena izango dute.