Politika -
Kontrolatzailen gatazka
Aire-kontrolatzaile militarrak 'trebatuta' daudela ziurtatu du Blancok
Sustapen ministroak azaldu du aireportu zibiletako teknologiak ezagutzen ez dituzten militarrek "azkar" ikasiko dutela.
Erredakzioa
Jose Blanco Espainiako Gobernuko Sustapen ministroak ziurtatu du aire-kontrolatzaile militarrak "trebatuta" daudela aireportu zibiletan lanean hasteko, eta ez daudenek "azkar" ikasiko dutela.
Onda Cero irrati-katean egindako adierazpenetan, Blancok esan du hainbat aireportu mistotan badaudela jada kontrolatzaile militarrak, hala nola Torrejon de Ardozen (Madril), Zaragozan, Leonen eta Talavera de la Reinan (Toledo).
Halaber, militar batzuk leku "zailetan" ere aritu direla gogorarazi du, Kabulen (Afganistan) kasu.
Horrela, Blancok argudiatu du militarrek "ahalmena" dutela eta aireportu zibiletako teknologiak ezagutzen ez dituztenek "azkar" ikasi ahal izango dutela, ikastaroak eginez.
Azken egunetan, hainbat eta hainbat kontrolatzaile gaixo jarri dira, ustez, eta Blancok, Jose Luis Rodriguez Zapatero gobernuburuak eta Carme Chacon Defentsa ministroak kontrolatzaile militarrak jartzea adostu dute.
Sustapen ministroaren adierazpenak Kongresuan
Jose Blancoren hitzetan, aire kontrolatzaileek eskatutako gaixotasun baja anitzak antolatuak daude; izan ere, atzo kontrolatzaileek onartu egin zuten hitzarmen kolektibo berri batekin arazoa konponduko litzatekeela.
Aire Kontrolatzaileen Sindikatuaren adierazpenen arabera, "gaixotasunek hitzarmen kolektiboarekin zerikusia dutela dirudi"; "hau guztia antolatua" dagoela eta atzo "argi eta garbi erakutsi" zutela esan du Blancok Kongresuan.