Politika -

Adierazpen instituzionala

EHUren aurkako erasoak gaitzetsi ditu Eusko Legebiltzarrak

Halaber, indarkeriaren erabilerak aldarrikapen orori zilegitasuna kentzen diola azpimarratu du.

Eusko Legebiltzarra. Artxiboko argazkia: EFE
Eusko Legebiltzarra. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten talde guztiek adierazpen instituzionala adostu dute gaur, azken asteotan Euskal Herriko Unibertsitatearen Bizkaiko eta Arabako campusetan izandako erasoak gaitzesteko. Ekintza "onartezinak eta zentzugabeak" direla eta indarkeriaren erabilerak aldarrikapen orori zilegitasuna kentzen diola azpimarratu du.

Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak adierazpen instituzionala irakurriko du gaurko saioaren amaieran. EHUren aurkako azken erasoa gaur goizean bertan izan da. Gazte talde batek Gasteizko EHUko Letren fakultateko hainbat kristal eta segurtasun kamera apurtu ditu.

Atzo, kaputxadunek pintura eta gorotza jaurti zuten Gasteizko Letren fakultatean eta herenegun petardoak bota eta pintadak egin zituzten EHUren Leioako campusean. Eraso horretan langile bat zauritu zen.

Legebiltzarrak irmoki gaitzetsi ditu "zentzu gabetzat eta onartezintzat" jo dituen ekintzak. Halaber, Leioako eta Gasteizko campusetan izandako erasoek euskal gizartean ez dutela tokirik azpimarratu dute.

Bestalde, Eusko Legebiltzarrak "elkartasuna eta babesa" helarazi die unibertsitate komunitateari eta eraso horien ondorioak pairatu dituzten pertsona guztiei.

Eusko Jaurlaritzak erasoa gaitzetsi du

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak "irmotasun osoz" gaitzetsi du EHUren Gasteizko campusean izandako erasoa, eta babesa eta elkartasuna helarazi dio unibertsitate komunitateari.

Halaber, "fakultateetan tentsio giroa ezartzeko helburua" dutenen aurrean "elkarbizitzarekiko, pluraltasunarekiko eta iritzi-trukearekiko konpromisoa" berretsi du.

Bestalde, Jaurlaritzak eta EHUk elkarlanean jarraituko dutela azpimarratu du, "beldurra sortzea helburu duten ekintza horiek" unibertsitatearen instalazioetan ez ezik gizartean ere lekurik izan ez dezaten.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EHU albisteak Eusko Legebiltzarra bideoak Alderdi politikoak Albisteak