Politika -
Bilera
EA eta ezker abertzalea Alternatibarekin bildu dira Bilbon
"Euskal Herriko ezkerreko indar progresistak bateratuko dituen mugimendu soberanista bat martxan jartzea beharrezkoa" dela baieztatu dute bileran, EAk ohar baten bidez jakinarazi duenez.
Erredakzioa
Eusko Alkartasuna (EA) eta ezker abertzalea Alternatibarekin bildu dira arratsaldean, Bilbon, lehenengo biek sinatutako agiria aztertzeko: "Indar politiko independentisten arteko akordio estrategikoaren oinarriak'', EAk ohar baten bidez jakitera eman duenez.
Bileran, egoera politikoari buruzko iritziak trukatu dituzte eta "Euskal Herriko ezkerreko indar progresistak bateratuko dituen mugimendu soberanista bat martxan jartzea beharrezkoa" dela baieztatu dute, "herri honen eskubide nazionalen eta sozialen erreferentzia bihurtzeko eta euskal Estatu independente baten oinarriak ezartzeko".
Elkarrizketekin jarraitzeko konpromisoa hartu dute hiru indar politikoek, "etorkizunean lankidetza bat izateko", iturri berdinen arabera. Alternatiba Ezker Batuatik alde egindako indar politikoa da eta buruzagia Oskar Matute legebiltzarkide ohia da.
Ekainaren 20
Ekainaren 20an EAk eta Batasunak dokumentu bat sinatu zuten, bertan euskal Estatu independente bat sortzeko helburua ezartzen zuten, eta lehentasunak "gatazka politikoa gainditzea eta indarkeria mota guztiak desagertzea" zirela esaten zuten.
Iragan astelehenean, EA eta ezker abertzalea Aralarrekin bildu ziren Iruñean, testua sakonean aztertzeko. Bi indar politikoek bilera-sorta hasi dute euskal "indar soberanistak" egitasmoan barneratzen saiatzeko.