Itxi

Politika

ETA-ren armagabetzea

Otegi:'Presoak, biktimak eta desmilitarizazioa dira hurrengo erronkak'

Agentziak | Erredakzioa

EH Bilduko bozeramailearen ustez, “berri ona da” ETA-ren armagabetzea, eta “herrialdean baldintza berriak irekitzen ditu, aprobetxatu beharrekoak”.

4:26

Arnaldo Otegi EH Bilduko bozeramaileak esan du gaurkoa "egun historikoa" dela, ETAk "erakunde armatua" izateari utzi diolako. Halaber, hemendik aurrera, beste aro bat irekiko dela nabarmendu du, eta "adostasunaren alde lan egin" beharko dela, besteak beste, presoez, dispertsioaz, biktimez edota "desmilitarizazioaz" hitz egiteko, "mahaigain politikoan" egon behar dutelako.

Otegik agerraldia egin du Baionako Euskal Museoan, Anita Lopepe EH Baiko bozeramailearekin batera, ETAren armategien lokalizazioa Frantziako agintariei emateari buruzko balorazioa egiteko.

"Euskal gizartearen zati handi batek berri ontzat joko du gaur gertatutakoa", adierazi du Otegik. Halaber, "inolako esku-hartzerik gabe eta prozesua oztopatu ahalko luketen gertaerarik gabe" izan dela nabarmendu du.

'Baldintza berriak'

Otegiren ustez, armagabetzeak "herrialdean baldintza berriak sortzen ditu, aprobetxatu beharrekoak", euskal gizarteak aurre egin beharreko "arazo larriei" ahalik eta adostasun handienarekin irtenbidea aurkitzen saiatzeko.

"Bihartik aurrera, presoen, biktimen eta herrialdearen desmilitarizazioaren gaiak eztabaida politikoaren erdian jartzen ahaleginduko gara, euskal gizarteak aurre egin beharreko hurrengo erronkak direlako", azpimarratu du Otegik.

Horrez gain, ETAren armagabetzea mundu mailako testuinguruan jarri du, Ipar Irlandako eta Kolonbiako prozesuak aipatuz; "planetan ziklo globalaren aldaketa" izan da, "XXI. mendeko estrategiek XX. mendekoak ordezkatu dituztelako".

Zorionak

Euskadiko erakundeak eta nazioarteko pertsona ospetsuak zoriondu ditu, "armagabetze" orokor, egiaztagarri eta erabatekoan? lagundu dutelako.

Horrez gain, Bilbon ostegunean egindako "argazkiak" (euskal alderdi guztiek, PPk eta UPNk izan ezik, armagabetzea babestu zuten) "jarraitasuna izatea" espero duela esan du.

Iñigo Urkullu lehendakaria Baionan ez egoteaz galdeginda, Otegik esan du gaurko eguna ez dela "kritika politikoak egiteko eta eguna zapuzteko", eta "bakoitza bere erabakien jabe" dela azpimarratu du. "Hemen egotea garrantzitsua zela uste dut", gaineratu du.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena