Politika -
Bidaia ofiziala AEBetan
Euskara mantentzeko eskatu die euskal herritarrei Patxi Lopezek
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak eta Boiseko (Idaho) Unibertsitateak Euskal Ikasketen Programa finantzatzeko hitzarmena sinatu dute.
Erredakzioa
AEBetako euskal jatorriko herritarrei sustraiak, kultura, ohiturak eta euskara mantentzeko deia egin die Patxi Lopez lehendakariak bidaia ofizialean.
Lopez Boisera joan da eta Jose Luis Bilbao Bizkaiko diputatu nagusiarekin elkartu da bidean. Euskal diasporaren Jaialdian izan da lehendakaria. Bertan hitzaldia eman du agintariak.
"Duela hamarkadak botatako sustraiak beste erro sakon, konplexu eta aberatsekin gurutzatzen dira. Ikurriña eta izar eta barren bandera elkarbizitza horren adibide argia dira", esan du lehendakariak.
Euskal nortasuna "munduan zabaltzen den sustrai bat da, eta gizarte ezberdinetan finkatzen da", Patxi Lopezek azpimarratu duenez. "Euskal herritar guztiek mantendu eta zaindu beharreko aberastasuna" dela erantsi du agintariak.
Euskal herritarren izpiritua
Lehendakariaren ahotan, euskal elkarteekin "zorretan" gaude, oso urrun euskal herritarren izpiritua bizirik mantentzen dutelako.
"Zuen sustraiak mantentzea espero dudan bezala, gure kultura, gure ohiturak eta euskara gure hizkuntza mantentzea espero dut, euskal herritar izateaz harro sentitzen jarraitzea, gure balioak mantentzea: Esfortzua, konpromisoa, ongi egindako lana eta besarkada zintzoa", adierazi du.
Iparramerikako bihotzean "Euskadiren zati hau" beti jarraitzea nahi du lehendakariak, "eta bere bihotzeko zati bat bertan dagoela Euskadik jakitea".
Euskal Ikasketen Programa
Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak eta Boiseko (Idaho) Unibertsitateak Euskal Ikasketen Programa finantzatzeko hitzarmena sinatu dute. Finantzaketan hobekuntza ekarriko du hitzarmenaren luzapenak, izan ere, urtero 50.000 euro jasotzetik 60.000 jasotzera pasako dira. Era berean, hitzarmena lau urtez indarrean izatetik bostera pasako da.
Legealdiak baino iraupen handiagoa izango du gaur sinatutako akordioak. Patxi Lopez lehendakaria sinaduran izan da eta, azaldu duenez, "Boiseko Unibertsitatearekin eta AEBetako euskal komunitatearekin dugun konpromisoa Euskadiko Gobernuen kolorearen gainetik dago".
Era berean, Blanca Urgell Kultura sailburua eta Aizpea Goenaga Etxepare Institutuko zuzendaria ekitaldian izan dira. Urgellek sinatu du akordioa Eusko Jaurlaritzaren izenean, Sona Andrews Boiseko Unibertsitateko errektorearen gerenteak lagunduta.