Politika -
GERNIKAKO BONBARDAKETA
Kondor Legioaren omenezko plaka bat kendu dute Madrilgo hilerri batetik
Alemaniako Enbaxadak eskatuta kendu dute hormigoizko plaka Almudenako hilerritik.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Kondor Legioaren omenez Madrilgo Almudena hilerrian jarrita zegoen plaka kendu egin dute, Alemaniako Gobernuak hala eskatuta. Gernikako bonbardaketan parte hartu zuen legioko zazpi pilotu daude hilobiratuta bertan.
Madrilgo Udalak ohar bidez esan duenez, Gernikako Bonbardaketaren 80. urteurrena baino egun batzuk lehenago jaso dute Alemaniako Enbaxadaren eskaria. "Totalitarismoaren arrasto oro" kentzea da ekimen honen helburua, oharrean zehazten denez.
Mausoleoaren aurrealdean dagoen plaka kendu dute; bertan, soldadu naziei gorazarre egiten zitzaien. Horren lekuan, hilerri horretan lurperatuta dauden pilotu alemaniarren izen-abizenak jasotzen dituen oroigarri bat jarri dute.
Gaur bete dira 80 urte Kondor Legioak Gernika suntsitu zuenetik. 31 tona lehergai jaurti zituzten airetik herritar zibilen kontra. 2.000 pertsona inguru hil ziren sarraskian.