Politika -
Omenaldia Zumaian
Kortaren senideek haren 'izpiritua' jarraitzeko asmoa berretsi dute
Joxemari Korta, Adegiren presidente izandakoa, gogoratu dute ETAk hil zuenetik 10 urte igaro direnean.
Erredakzioa
Senide, lagun eta politika eta erakundeetako hainbat ordezkarik Joxemari Korta enpresaburu gipuzkoarra omendu dute ETAk hil zuenetik 10 urte igaro ostean, eta Adegi patronalaren presidente izan zenaren "izpiritua" aintzat hartuta "bakea gure herrira ekartzeko" lanetan jarraitzeko konpromezua berretsi dute.
Marian Zearreta Kortaren alargunak, hiru seme-alabekin eta gainerako senideekin batera egin dute omenaldia gaur eguerdian enpresaburua hil zuten lekuan, Zuamaiako Korta S.A. enpresaren aitzinean.
200dik gora pertsonak parte hartu dute ekitaldian; bertan, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Mikel Cabieces Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkaria, Rafael Iturriaga Herrizaingo Saileko Segurtasun departamenduko sailburordea, Isabel Muela Eusko Jaurlaritzako Turismo zuzendaria, Iñaki Agirrezabalaga (EA) Zumaiako alkatea, eta Maria Jesus Aranburu eta Edurne Egaña ahaldunak izan dira.
Halaber, politika arloko ordezkariak izan dira; Luke Uribe-Etxeberria (EAJ) eta Aintzane Ezenarro eta Oxel Erostabe (Aralar); ekonomia mundukoak ere, esaterako, Victoriano Susperregi Elkargiko presidentea. Roman Sodupe ahaldun nagusi ohiak, Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikako sailburuorde ohiak eta Gorka Landaburu kazteariak ere parte hartu dute ekitaldian.
"Ez martiririk, ez heroirik"
Esti Korta hildako enpresaburuaren loba eta Joxemari Mugika Bidetik Fundazioaren bozeramaleak esan dutenez, "inoiz ez dute lekurik izango besteen bizitza euren esku dagoela uste dutenek". "Guk ez dugu ez martiririk ez heroirik nahi, gehiegik euren borondatearen kontra" izan baitira.