Politika -
Lehendakaria Kolonbian
Bakegintzan eta bizikidetzan elkarlana eskaini dio Jaurlaritzak Kolonbiari
Iñigo Urkullu lehendakaria Oscar Naranjo Kolonbiako presidenteordearekin bildu da Bogotan. Gobernuaren ordezkaria izan zen FARCekin izandako negoziazioan.
Agentziak | Erredakzio
Iñigo Urkullu lehendakaria Oscar Naranjo Kolonbiako presidenteordearekin eta Yaneth Giha Hezkuntza ministroarekin bildu da Bogotan.
Bakea eta Bizikidetza arloan bi gobernuak elkarlanean aritzeko proposamena helarazi die Urkulluk, hala nola, biktimen testigantzak ikastetxeetara eramateko, hezitzaileak baloreetan trebatzeko edo hezitzaileen trukea egiteko, esperientziak nazioartekotzeko eta herrialde bakoitzean egin diren ekimenak (Memoriaren Plaza, adibidez) azaltzeko.
Oscar Naranjo eta Sergio Jaramillo Bakerako Goi Ordezkaria izan ziren Kolonbiako Gobernuaren negoziatzaileak FARCekin egindako elkarrizketetan. Ostegun honetan batzartuko dira Urkullu eta Jaramillo Bogotan.
Naranjorekin gaur egindako bilera "oso baliagarria" izan dela azpimarratu du lehendakariak. Bake prozesuarekin azkeneraino jarraitzeko esan dio eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Bakea eta Bizikidetza arloan elkarlanean aritzeko proposamena aurkeztu dio.
Urkulluren arabera, Jaurlaritzak esparru horretan egindakoagatik interesa erakutsi du Kolonbiako Gobernuak. Biktimak bere politikagintzaren ardatz direla eta indarkeriaren amaiera ordenatua defendatzen duela kontatu dio lehendakariak Naranjori.
Horrez gain, lehendakariak berretsi dio industria eta ekonomia ikuspuntutik ere Kolonbia herrialde oso garrantzitsua dela Euskadirentzat.
Hezkuntza arloko esperientzien hartu-emana
Lehendakaria bakerako eta memoriaren politika publikoen eremuan Euskadiren eta Kolonbiaren arteko lankidetzaren alde agertu da.
Bi herrialdeetako irakasleen artean ikasgeletan Bakea eta Giza Eskubideak lantzeko moduei buruzko esperientzia eta estrategia zehatzen hartu-emana erraztea proposatu du Urkulluk, baita Kolonbiako oroimenezko instituzioen eta GOGORA Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Euskal Institutuaren artean ere.
“Gizarte kohesionatu eta orekatu bat da oinarria” –ziurtatu du– eta adibide gisa adierazi du Eusko Jaurlaritzak 30 urtez dirauela Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta Sistema bat mantentzen, ”pertsona guztiei bizitza duina” izatea ahalbidetzen diena.