Politika -
EUSKO JAURLARITZA
Jaurlaritza prest dago Rajoyrekin biltzeko, baina ez du 'aparteko presarik'
Erkorekak azaldu duenez, oraingoz ez dago hitzordurik jarrita Rajoyren eta Urkulluren arteko hurrengo bilerarako, baina Jaurlaritzak bilera hori egiteko arazorik ez duela gaineratu du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Iñigo Urkullu lehendakaria prest dago Mariano Rajoy presidentearekin beste bilera bat egiteko, baina oraingoz ez dago horretako "aparteko premiarik". Hala ziurtatu du Josu Erkoreka Jaurlaritzaren bozeramaileak, Gobernu Bileraren ostean egin duen agerraldian.
Urdaibaiko Biosfera Erreserban, Busturian, egin du asteroko bilera gaur Jaurlaritzak, Ingurumenaren Munduko Eguna dela eta.
Hiru hirtzorduri buruz galdetu diete kazetariek Erkorekari: Rajoyren eta Urkulluren arteko bileraz, Presidenteen Batzarraren jarraipen batzordeaz eta transferitu gabeko eskumenei buruz.
Rajoyren eta Urkulluren arteko hurrengo bilerarako datarik ere ez dago jarrita, Erkorekaren esanetan, eta uda baino lehen biltzeko aukerarik dagoen galdetuta, bozeramaileak erantzun du hori "bakoitzaren oporren egutegiaren arabera" izango dela.
Jaurlaritzak ez duela bilera egiteko eragozpenik, Erkorekaren arabera, baina "aparteko premiarik" ere ez du ikusten.
Azkenik, transferitu gabeko eskumenei buruz galdetuta, Erkorekak nabarmendu du Espainiako Gobernuak "ondo baino hobeto" dakiela zeintzuk diren eskumen horiek.