Politika -
Kurtso politikoaren hasiera
Afganistango egoera zein den azaltzeko eskatu dio Rajoyk Zapaterori
Bestalde, Gobernuak alor ekonomikoan "inprobisatu" egiten duela eta PPren proposamen guztiak atzera botatzen dituela salatu du buruzagi popularrak.
Erredakzioa
Mariano Rajoy PPren presidenteak azalpenak exijitu dizkio Jose Luis Rodriguez Zapatero Gobernuko buruari Afganistango “egungo egoeraren, gatazkaren etorkizunaren eta gure tropen inplikazioaren” inguruan.
Rajoyk PPren kurtso politikoari hasiera emateko ekitaldian parte hartu du Torroxen (Malaga), eta gogorarazi du PPk “atzerriko misio militar guztietan” eman diola babesa Gobernuari eta “inoiz ez diogu babesik ukatu, eta ez da beti horrela izan”.
Buruzagi popularrak azpimarratu du Zapaterok “atzerriko misioei buruzko informazioa emateko konpromisoa hartu zuela” eta “sei urtetan Gobernuko presidenteak behin bakarrik egin du agerraldia” gai horiei buruz.
Kooperanteen askatzea
Bestalde, bahitutako kooperanteen askatzeari buruz, PPren presidenteak esan du Gobernuak “zer gertatu den azaltzeko beharra” duela, eta “ez dela ezkutatuko” espero du.
Horren harira, “kooperanteei zein informazio eta aholku eman behar zaien azaldu” beharko lukeela uste du.
“Inprobisazioak”
Azpiegituretako aurrekontuetan izandako murrizketak “inprobisazioak” izan direla kritikatu du Rajoyk eta lan erreformari buruz PPk aurkeztutako 71 zuzenketetatik “bat bera ere ez” duela onartu gaitzetsi du.
Murrizketa horiek “enpleguari eta Espainiako ekonomiari egiten diote kalte”, baina PPk “lan publiko horien guztien jarraipena egingo du” eta Jose Blaco Sustapen ministroak “hilero kontatu beharko du egia”, Rajoyren arabera.
Lan erreformari dagokionez, senatuak “justu justu” onartu zuela esan du, eta horregatik “ez duela balio” iritzi dio.