Gizartea -
268 egun bahituta
Amaitu da kooperante kataluniarren bahiketa
Magreb Islamiarreko Al Kaidak azaroaren 29an bahitu zituen Albert Vilalta, Roque Pascual eta Alicia Gamez Barcelona Accio Solidariako GKEko kideak.
Erredakzioa
Atzo askatu zituzten Albert Vilalta eta Roque Pascual Barcelona Accio Solidaria GKEko kideak Magreb Islamiarreko Al Kaidaren esku 268 egun izan ostean, eta talde armatuak egin duen bahiketa luzeena bilakatu da. Alicia Gamez, beste kooperanteekin batera azaroaren 29an bahitu zutena, iragan martxoan askatu zuten, baina "Albert eta Roque bueltatzen diren arte" zoriontasun hori "erabatekoa" ez zela izango nabarmendu zuen.
Albert Vilalta eta Roque Pascual Barcelona Accio Solidaria GKEko kooperante kataluniarrek Espainiako Gobernuak bahiketa amaitzeko egindako diplomazia lanak eskertu dituzte El Prat aireportura iritsi direnean.
Pascualek eta Vilaltak senideak zituzten zain aireportuko pistan, baina emazteak hegazkinean iritsi ziren Uagadugutik (Burkina Faso), bahitutako kooperanteekin eta Soraya Rodriguez Nazioarteko Lankidetzako Estatu idazkariarekin batera.
Bahiketa amaitzeko Espainiako Gobernuak egindako diplomazia lanengatik eskerrak eman dituzte momentu oro. "Oso egun garrantzitsua da guretzat, bederatzi hilabetez egon gara oso bahiketa gogor batean, eta askatasuna lortu dugu jada, oso pozik nago eta hunkituta", adierazi du Vilaltak, hitza hartzen lehenak.
"Badakigu Espainiako Gobernuak lan diplomatiko itzela egin duela inguruko herrialdeetako gobernuekin. Oso harro gaude gure gobernuaz", adierazi du Vilaltak, prentsak "neurriz" jokatu duela azpimarratu aurretik.
"Modu egokian tratatu gaituzte. Haiekin bizi, jan eta lo egin dugu", baina Vilaltak ez du ezkutatu bahitzaileek bederatzi hilabete "kendu" dizkietela. "Oso gogorra izan da emaztea, seme-alabak, gurasoak eta ingurukoak ondoan ez edukitzea, baina esperantzari eutsi diogu gaur arte".
Roque Pascualek, era berean, askatzeko prozesua "luzea eta oso zaila" izan dela berretsi du eta azpimarratu bahitzaileek "modu egokian" tratatu dituztela "nahiz eta haien egunerokoan dituzten gabeziak handiak" izan. "22 kilo galdu ditut", jakinarazi du Pascualek hedabideen aurrean.
Al Kaidaren oharra
Magrebeko Al Kaidak El Pais egunkariari bidalitako ohar batean jakinarazi duenez, hainbat eskari bete ostean askatu dituzte Kataluniako bi kooperanteak.
Amaiera zoriontsua
Jose Luis Rodriguez Zapatero Gobernuko presidentea amaiera zoriontsuagatik poztu da. Roque Pascualen eta Albert Vilaltaren askapenean lagundu duten Gobernuen eta, "bereziki", ingurukoen lana eskertu du Zapaterok.
Moncloan egindako agerraldian, Zapaterok azpimarratu du "poztasun egun" honek "inoiz jazo behar ez zen ekintza terroristari" amaiera ematen diola. Halaber, Pasqual eta Villaltarekin batera bahitutako Alicia Gamez gogoan izan du Espainiako presidenteak.
Bahitutako bi lagunen senitartekoen konfiantza "bihotzez" eskertu du Zapaterok, eta halaber, "amaiera zoriontsua" lortzen lagundu duten hedabideen "zuhurtzia" txalotu du.
Askatzearen baieztapena
Ia bederatzi hilabeteren ostean, Al Kaidak Roque Pasqual eta Albert Vilalta kooperante kataluniarrak askatu dituztela baieztatu zuen atzo Espainiako Gobernuak.
Al Arabija telebistak eman zuen albistea igande arratsaldean. Hala ere, Espainiako Gobernuak ez zuen askapenaren baieztapen ofizialik eman eta zuhurtzia eman zuen.
12 urteko kartzela-zigorra bahitzailearentzat
Nuakchoteko epaitegi batek 12 urteko kartzela-zigorra ezarri zion Omar Sahraouirentzat, hiru kooperanteak bahitzeagatik.
Mauritaniako hiriburuko Polizia-auzitegiak hartutako erabakia berretsi zuen; Omar Sahraouik 13.700 euroko isuna ordaindu beharko du eta ondasun guztiak konfiskatu dizkiote.
Bahiketa
Barcelona Accio Solidaria Gobernuz Kanpoko Erakundeko hiru kideak azaroaren 29an bahitu zituzten Mauritanian.
Komunikatu batean azaldu zutenez, bahiketaren unean hamahiru ibilgailutan kooperaziorako materiala garraiatzen ari ziren Dakarrera. Konboiko bi ibilgailuk beste bide bat hartu zuten eta desagertu egin ziren.