Politika -

Elkarrizketa Euskadi Irratian

Mendiaren ustez "onartezina" da EAJk ebaztea EAErentzat "zer den ona"

Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak esan du aurrekontuetan "akordio zabalak" bilatuko dituztela, eta "gerrikoa estutu" behar dutela.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak esan du "onartezina eta ulertezina" dela EAJk euskal gizartearentzat "zer den ona eta zer txarra" erabakitzen jarraitzea, izan ere, "urtebete baino gehiago pasatu da" Jaurlaritzan ez daudenetik eta jeltzaleek gogoratu beharra dute.

Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean, Mendiak Andoni Ortuzar EAJren Bizkai Buru Batzarreko buruaren hitzak izan ditu hizpide, enplegu politika aktiboen eskumena "ez bada garbi etortzen, hau da, Estatutuak dioen bezala eta Kontzertu Ekonomikoak ezarritako diru kopuruarekin, EAJren atea itxita" egongo dela esan baitzuen.

Jaurlaritzako bozeramaileak, bestalde, "ongi" ikusten du EAJk Espainiako Gobernuari laguntzea, izan ere, "ezin dugu ahaztu EAJ Estatutua hautsi eta Ibarretxe Planaren alde zegoela", beraz, "oso albiste ona" iruditzen zaio Euzko Alderdi Jeltzaleak Estatuko Gobernuaren bideragarritasunean parte hartzea.

Mendiak azaldu duenez, enplegu politika aktiboen eskumena "lehenbailehen" iristeko lanean dihardute, eta Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari negoziaketan exijitzen diona "2005ean Legebiltzarrak, EAJren eta PSEren botoekin, onartutakoa" dela jakinarazi du.

Horren harira, "interesgarri" jo ditu Ortuzarren adierazpenak, izan ere, ez daki "nola ezkon daitezkeen adierazpen horiek Legebiltzarrak onartutako ez legezko proposamenarekin". "Onartezina eta ulertezina da, 30 urteren ondoren, EAJk euskal gizartearentzat ona dena eta ez dena erabakitzen jarraitzea. Aski da. Jaurlaritzan ez daudenetik urtebete baino gehiago pasatu dela ulertu behar dute", berretsi du.

Hala eta guztiz ere, Mendiak ziur agertu du akordioak lotzeko "aukerak" badaudela, bai Espainiako Gobernuaren eta EAJren artean Estatuko Aurrekontu Orokorrak onartzeko, bai Madrilgo Gobernuaren eta Jaurlaritzaren artean enplegu politika aktiboen eskumena trasferitzeko.

Aurrekontuak

Agintari sozialistak esan du "erronka handiena" EAEren 2011ko aurrekontuak "ixtea" eta "akordio zabalak" lortzea izango dela datozen hilabeteetan.

Aurrekontu horien ildotik, berriro ere "gerrikoa estutu" dutela zehaztu du, "gure ekonomia krisitik ateratzen" ari dela ospatu aurretik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea