Politika -
AUDITORIO AUZIA
Murtziako presidentea epaituko dute, prebarikazioa eta iruzurra leporatuta
Pedro Antonio Sanchezen kontrako auzibidearekin jarraitzea erabaki du epaileak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Murtziako Justizia Auzitegi Nagusiak Pedro Antonio Sanchez Murtziako Gobernuko presidente ohia epaituko du, Puerto de Lumbreras (Murtzia) udalerriko alkate zenean bertako auditorioa eraikitzerako eta kontrataziorako garaian prebarikazio eta iruzur delituak egitea leporatuta.
Aldeei gaur jakinarazi dieten autoan, Julian Perez Templado instrukzio epaileak Auditorio auziko aurretiazko izapideak amaitzea erabaki du.
Murtziako Justizia Auzitegi Nagusiaren arabera, Pedro Antonio Sanchezen kontrako auzibidearekin jarraitzea erabaki du epaileak, prebarikazio jarraitua, diru-laguntza publikoak lortzerakoan iruzurra egitea eta diru publikoa bidegabe erabiltzea egotzita.
Pedro Antonio Sanchezez gain, epaileak Martin Legajarraga auditorioaren proiektuaren arkitektoa eta Vicente Gimeno eraikitzailea ere gehitu ditu prozeduran. Bestalde, beste 18 inputaturen kontrako auzibideak artxibatzea erabaki du.
Magistratuak hamar eguneko epea eman die fiskalari, akusazioei eta aldeei, akusazioak aurkezteko edota auziaren artxibatzea eskatzeko.