Politika -
Omenaldia
Miguel Angel Blanco omendu dute Madrilen Carmenaren aurkako protesta artean
Ekitaldira gerturatu direnek oihu artean hartu dute Manuela Carmena Madrilgo alkatea.
Agentziak | Erredakzioa
Madrilgo Udalak ETAk duela 20 urte hil zuen Miguel Angel Blanco zinegotzia omendu du gaur, Manuela Carmena alkatearen kontrako protesta artean. Izan ere, Marimar Blancok eskatu arren, ez dute Miguel Angel Blancoren argazkirik eseki Cibelesko Jauregitik.
Omenaldian, Madrilgo Udaleko udal talde guztiek hartu dute hitza, publikoaren txistu eta oihu artean.
Ermuko zinegotziari gaur Madrilen egin zaion bigarren omenaldia izan da; izan ere, Madrilgo PPk beste ekitaldi bat antolatu du. Besteak beste, Cristina Cifuentes eta Marimar Blanco izan dira bertan.
“Oihuka dabilena oso oker dago, demokrazian errespetua beharrezkoa da”, esan du Jose Luis Martinez-Almeida Madrilgo Udaleko PPren bozeramaileak. Horrez gain, Carmenari eskerrak eman dizkio ekitaldira joateagatik, eta duela 20 urte izan zen elkartasuna gogorarazi du.
Manuela Carmenak eskerrak eman dizkie bertaratu direnei, “nire aldekoei zein kontrakoei”, eta Ermuko zinegotzia omendu du bere diskurtsoan. Gertatutakoa “izugarria” izan zela adierazi du, eta pertsonen hilketa ideologiarekin nahastea “izugarrikeria” dela gaineratu du.