Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Rubalcaba: 'Batasunaren arazoa ETA da'

Barne ministroak berretsi egin du ezker abertzalea legezkoa izateko bi baldintza hauetako bat bete behar dela: Batasuna ETArengandik argi eta garbi banatzea edo ETAk armak betirako uztea.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko Barne ministroak adierazi du "ziur" dagoela Arnaldo Otegi Batasuneko bozeramaile ohiak "zereginen bat" izan duela ETAk igande honetan iragarritako etenaldian.

Nolanahi ere, gaur goizean Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egindako elkarrizketa batean, ministroak gaineratu du "jokoan arauak" daudelako jarraitzen duela espetxean, eta epaileek Batasuna ETAren parte dela ebatzi zutela gogorarazi du.

Hori horrela, atzo Batasunak legeztatzeko egindako eskaeraren aurrean, Barne ministroak gogorarazi du ETArengana jotzeko esan diela: "Estatuari ez zuzentzeko esan diet, haien arazoa ETA baita. Batasuna ETA da eta ETAri zuzendu behar zaio", esan du.

Horrenbestez, Rubalcabaren esanetan, Batasunak bide bakarra dauka berriz legezkoa izateko: ETAri indarkeria uztea eskatzea edo harremana "haustea". Ministroak komandantearen adibidea erabili du, hain zuzen ere: "Askotan komandanteak agintzen du prozesua etetea. Edo komandanteak [ETA] jarduera eteten du, edo Batasunak ahaztu egiten du komandantea".

Rubalcabak ziurtatu du ezker abertzaleak bitartekari lanak egin nahi dituela, baina paper hori ez diola "inoiz" aintzatetsiko nabarmendu du.

Bestalde, atzo Jesus Egiguren PSE-EEko presidentea "baikor" agertu zela eta, ministroak esan du hark "pentsamendu propioa" duela, eta ez dagoela harekin ados.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea