Politika -

Auzitegi Nazionala

Udalbiltzako 21 kide epaitzen jarraituko dute gaur

ETAko kideak izatea eta diru publikoak bidegabe erabiltzea egotzi diete, eta Fiskaltzak 10 eta 15 urteko espetxe-zigorra eta erakunde guztien itxiera eskatzen du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Udalbiltzako hogeita bat kideren aurkako epaiketari ekin diote berriz goizeko hamarrak jota zirenean. Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak 10 eta 15 urteko espetxe-zigorra eskatzen du haientzat, ETAko kideak izatea eta diru publikoak bidegabe erabiltzea leporatuta.

Ezker abertzaleak bultzatutako legez kanpoko hautetsien asanbladaren aurkako epaiketa uztailaren 15an hasi zen. Bosgarren saioa da gaurkoa eta asteazkena arte iraungo du.

Hasiera batean, 22 pertsona zeuden auzipetuta, baina epaiketaren lehenengo egunean, Charles Etxecaharreta bilatzeko eta atxilotzeko agindu zuten eta Miriam Campos absolbitu. ETAko kidea izatea leporatzen zioten azken horri, eta, jada delitu horregatik zigorra betetzen zegoenez, epaitutzat jo zuten.

Joseba Mikel Garmendia, Loren Arkotxa, Xabier Alegria eta Xabier Iragorri auzipetuentzat 15 urteko kartzela-zigorra eskatzen dute, diru publikoak bidegabe erabiltzea egotzita.

Fiskaltzak, halaber, Udalbiltza-Kursaal, Udalbiltza Partzuergoa eta Euskal Garapen eta Kohesio Funtsa erakundeak behin betiko ixtea eskatzen du.

Udalbiltzako kide ziren 62 udaletako -2002ko datuak- funtsak desbideratzeko eta diru-laguntza publikoak lortzeko eratu zituzten erakunde horiek, Fiskaltzaren aburuz. Urteko aurrekontuen % 1 edota diru-sarreren % 1,4 ematen zioten udalek Udalbiltzari, eta fiskalak horren kontra ere egin du, legez kontrakotzat jota.

Aurreko saioetan, Udalbiltzak "ETAren agindurik ez" zuela jarraitzen, erakunde "anitza" zela eta "gobernu paralelorik" eratu nahi ez zutela deklaratu zuten auzipetuek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea