Politika -
Kongresuan
Rajoyk asteazkenean eman beharko ditu Gurtel auziaren inguruko azalpenak
PSOE, Podemos Unidos, PDeCAT, ERC, EAJ, Compromis eta EH Bildu alderdiek bozkatu zuten Espainiako gobernuburua ganberan agertzearen alde.
Agentziak | Erredakzioa
Abuztuaren 30ean, asteazkenarekin, 09:00etan hasita. Data eta ordu hori ezarri dute Kongresuan Mariano Rajoy Espainiako presidenteak Gurtel auziaren inguruko azalpenak eman ditzan.
Kongresuko Diputazio Iraunkorrak joan den astean onartu zuen agerraldia.
Eskaera bana aurkeztu zuten oposizioko alderdi politikoek; batetik, PSOEk eta Unidos Podemosek aurkeztutakoa, eta bestetik, PDeCAT eta ERCek egindakoa.
Lau alderdi hauen botoez gain, EAJren, Compromisen eta EH Bilduren babesa izan zuen ekimenak (guztira, aldeko 32 boto). Ciudadanosek eta UPNk zuri bozkatu zuten.
Uztailaren 26an lekuko gisa deklaratu zuen Rajoyk Gurtel auziaren lehen garaiari buruz Auzitegi Nazionalean egiten ari ziren epaiketan. Orduan esan zuenez, PPren baitan zituen ardurak "politikoak" ziren, "ez kontabilitate alorrekoak". Espainiako gobernuburuaren berbetan, "Barcenasen paperak erabat faltsuak dira".