Politika -

Elkarrizketa ETB-2n

Pastorrek ukatu egin du atzera bueltarik gabeko prozesu batean gaudela

Batasunak hori pentsatzea ETAren azken agiriaren gainean "interpretazio eskuzabala" egitea dela adierazi du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Antonio Pastor PSE-EEk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak ukatu egin du "atzera bueltarik gabeko bake-prozesu batean" gaudela, eta legez kanpoko ezker abertzaleak hori pentsatzea ETAren azken agiriaren aurrean "interpretazio eskuzabala" egitea dela adierazi du.

Gaur goizean ETB-2ko "Egun on, Euskadi" saioan egin dioten elkarrizketan, Pastorrek nabarmendu du erakunde terroristaren azken agiriak ez duela "ezer" berri: "Badirudi literatura ezberdina dela, baina eduki aldetik ez du ezer berririk". Hori horrela, sozialistek eutsi egin diote lehen agiriarekin egin zuten balorazioari, hots, ez dela "nahikoa".

Nolanahi ere, PSEko ordezkariak aitortu egin du "lasaitasuna" ekarri diola ETAk hiltzeari utzi izanak, "aldi baterako" bada ere. "Ez da albiste txarra, baina ez da espero dugun albistea", gaineratu du.

Nazioarteko bitartekariak ekartzeko aukeraz, bozeramaile sozialistak esan du ez dakiela "ideia ona edo txarra" den, baina ETAk ardura "besteei" pasatzeko egin nahi duela iritzi dio. "Ez dakit zer dagoen negoziatzeko ETArekin, desegitea eta armak entregatzea izan ezik", nabarmendu du.

Bestalde, Pastorrek txalotu egin du EAJk bi agirien aurrean agertu duen "zuhurtzia", eta jeltzaleen jarrera "akasgabea" izan dela erantsi du. Horren ustez, "hainbat bake-prozesuren ostean" denak "mesfidati" daudelako jokatu dute horrela.

Jeltzaleek "diagnosi bateratua" egiteko deiari dagokionez, PSEko eledunak erantzun du jada egin zutela bat, eta ETAk agiri bat kaleratzen duen bakoitzean ez dela "ideia lehiaketa bat" egin behar ohartarazi du.

Bestalde, Jesus Eguiguren PSEko presidentearen hausnarketak gorabehera, Pastorrek gogorarazi du Patxi Lopez lehendakaria "behar den lekuan" dagoela, hau da, "zero tolerantziaren eta irmotasunaren politika zuzentzen".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea