Politika -
Kataluniako erreferenduma
Rajoy Moncloan egongo da U-1ean, Sanchezekin eta Riverarekin harremanetan
Soraya Saenz de Santamaria eta Iñigo Mendez de Vigo Espainiako Gobernuko presidentearekin batera izango dira han, Katalunian gertatzen dena zuzenean jarraitzen.
Agentziak | Erredakzioa
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak Moncloa Jauregitik jarraituko du igandean Katalunian egingo den erreferenduma. Independentziari buruzko galdeketaren egunean, Espainiako erregearekin, Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiarekin eta Albert Rivera Ciudadanoseko buruzagiarekin harremanetan egongo da Rajoy, eta "beharrezkoak diren elkarrizketa guztiak" izango dituztela esan du Espainiako Gobernuak.
Goizeko lehen ordutik, Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordea eta Iñigo Mendez de Vigo Hezkuntza ministroa eta Espainiako Gobernuko bozeramailea Rajoyrekin batera egongo dira Moncloa Jauregian.
Larunbat honetan, Pedro Sanchezek bere alderdiaren ekitaldi politiko batean parte hartu du, Bilbon. Urriaren 2a "hausnarketa egiteko eguna" izan behar dela nabarmendu du PSOEko idazkari nagusiak, "immobilismoan sei urte eman ostean" Kataluniak bizi duen egoerari irtenbidea bilatzeko asmoz.
Bestalde, "independentistek eman nahi duten kolpea" ez legitimatzeko eskatu zuen atzo Albert Riverak.
Espainiako Gobernuak begi onez ikusi du goizean Guardia Zibilak CTTI Kataluniako Telekomunikazio Zentroan abiatutako polizia operazioa. Urriaren 1eko erreferenduma saihesteko helburuarekin, 29 aplikazio informatiko desaktibatu dituzte bertan, eta, Espainiako Gobernuaren aburuz, "legez kanpo deitutako erreferendumaren antolakuntzaren kontrako kolpea" izan da.