Politika -
Erreforma
Kongresuak Nafarroako Foru Hobekuntza Lege berria onartu du
Arauaren 20 artikulu baino gehiago aldatuko dituzte. PPk dagoeneko iragarri du erreforma zabalagoak aurkeztuko dituela Konstituzionalak Kataluniako Estatutaren inguruan emandako ebazpenaren ondoren.
Erredakzioa
Diputatuen Kongresuak Nafarroako Foru Hobekuntzaren erreforma lege proiektua onartu du gaur. 1982ko arauaren 20 artikulu, kontzeptua eta terminologia aldatuko dituzte horrela. Hala ere, PPk dagoeneko iragarri du erreforma zabalagoak aurkeztuko dituela Konstituzionalak Kataluniako Estatutaren inguruan emandako ebazpenaren ondoren.
Nafarroako Foru Hobekuntzaren erreformaren testua Espainiako eta Nafarroako gobernuek adostu zuten iragan martxoan eta PSOEren eta PPren babesa jaso du Kongresuan.
Berritasunen artean, Parlamentua desegiten denean eta hauteskundeak aurreratzen, prozesu berri bat ezartzen da. Bozak irabazten dituenak lau urteko legegintzaldia beteko du orain, aurreko arauan etendako legegintzaldia amaitu arte izan beharrean. Gainera, Parlamentua desegin egingo dute hiru hilabeteren buruan presidente bat hautatzeko gai ez badira.
Kontuetako Ganberaren (Foru erkidegoko sektore publikoaren finantza eta ekonomia kudeatzen duen erakundea) erregimenari ere eragiten dio erreformak eta Nafarroako Herriaren Defendatzailearen arauak ezartzen ditu. Era berean, Nafarroako Kontseilua ere arautzen du, Foru Erkidegoko kontsulta erakunde goren gisa.
Gainera, testu berriak gaitasun bat emango dio Gobernuari behin behineko lege arauak egiteko, foru lege dekretu gisa. Nafarroako eskumen berriei dagokienez, Justizia Auzitegi Goreneko presidentearena eta fiskal gorenarena arautzen ditu, eta berdintasun politikaren terminologia egokitzen du eskumen batzuetan.
Era berean, Europar Batasunaren erabakietan parte hartu ahal izango du Nafarroako Gobernuak bere eskumei eragiten badie.