Politika -

DIPUTATUEN KONGRESUA

Bi lege proposamen aurkeztu dituzte, krimen frankistak ikertu ahal izateko

Podemos, En Comu, En Marea, ERC, EAJ, PDeCAT, Compromis, EH Bildu eta Nueva Canarias taldeek erregistratu dituzte lege proposamenak, Amnistia Legea eta Kode Penala aldatzeko.

Espainiako Diputatuen Kongresua. Artxiboko argazkia: EFE
Espainiako Diputatuen Kongresua. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Podemos, En Comu, En Marea, ERC, EAJ, PDeCAT, Compromis, EH Bildu eta Nueva Canarias taldeek bi lege proposamen aurkeztu dituzte gaur Espainiako Diputatuen Kongresuan Amnistia Legea eta Kode Penala aldatzeko eta, horrenbestez, frankismoko krimenak ikertzeko eta biktimei erreparazioa emateko.

Testuetako batek 1977ko Amnistia Legaren 9. artikulua aldatzea proposatzen du, ondorengo testua gehituz: "lege honetako xedapenek ez dute galaraziko epaitegi eta auzitegiek ikertzea, epaitzea edo dagokien zigorrak ezartzea genozidio, gizateriaren aurkako delitu, gerra delitu edo giza eskubideen bestelako urraketa larriak egin dituzten pertsonei".

Bigarren lege proposamenak, ostera, Kode Penalaren bigarren artikuluan beste testu hau gehitzea proposatzen du: ez da galaraziko "ekintza bat edota omisioak zigortzea".

Lege proposamenak aurkeztu dituzten taldeek PSOE batu ez izana deitoratu dute; izan ere, alor horretan lan egin badute ere bi lege proposamen horietan ez parte hartzea erabaki dute sozialistek. Dena den, PSOEk Kongresuko bozketan bi lege proposamenak babestea eta horiek aurrera ateratzea espero dute sinatzaileek.

Joan Tardak eta Xavier Domenechek, hurrenez hurren, ERCk eta En Comun Podem taldeek Kongresuan duten bozeramaileek erregistratu dituzte bi lege proposamenak Kongresuan, Podemos, En Comu, En Marea, ERC, EAJ, PDeCAT, Compromis, EH Bildu eta Nueva Canarias taldeen izenean.

Ondoren, Kongresuko lehoiak dauden atarira atera dira frankismoko krimenen aurkako Argentinako kereilaren Espainiako plataformako ordezkariekin batera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua azken ordukoa Berriak Politika EAJ-PNV Alderdi politikoak berriak EH Bildu Bizkaia Frankismoari buruzko albisteak