Politika -
EAEko Aurrekontuak
EH Bilduk aurkeztutako osoko zuzenketak atzera botako dituzte Legebiltzarrean
Joan den azaroaren 29an Eusko Jaurlaritzaren (EAJ-PSE) eta PPren artean adostutako itunari esker, aurrekontuen proiektuari aurkeztutako osoko zuzenketen aurka bozkatuko du Alderdi Popularrak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
2018rako EAEko Aurrekontuen proiektuari EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek egindako osoko zuzenketa atzera botako du astelehen honetan Eusko Legebiltzarrak, EAJren, PSE-EEren eta PPren botoek lagunduta.
Joan den azaroaren 29an Eusko Jaurlaritzaren (EAJ-PSE) eta PPren artean adostutako aurrekontu-itunari esker, Jaurlaritzak 30 milioi euroko aldaketak sartuko ditu aurrekontuetan eta, horren truke, aurrekontuei aurkeztutako osoko zuzenketen aurka bozkatuko du PPk.
Akordio horren ondorioz, EAEko Aurrekontuen bozketan Alderdi Popularra abstenitu egingo da, eta Aurrekontuak onartu egingo dituzte Gasteizko Ganberan. Iazko aurrekontuak onartzeko adostutako itun bera da aurtengoa, eta Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako fiskalitatea erreformatzeko EAJk, PSE-EEk eta PPk lotutako beste akordio baten ostean itxi zuten.
Asteleheneko saioan, EAEko Aurrekontuen proiektuari egindako zuzenketak bozkatuko dira. Saioa 09:30ean hasiko da, eta Eusko Jaurlaritzak proiektua aurkeztuko du. Jarraian, osoko zuzenketa bakoitzaren aldeko eta kontrako 30 minutuko txandak izango dira. Aurrekontuak Jaurlaritzari itzultzea ala ez bozkatuko dute gero, eta eztabaidan parte hartu ez duten talde legebiltzarkide bakoitzak 5 minutuko txanda izango du ondoren.
Zuzenketak
2018rako Aurrekontu Legearen proiektuari osoko zuzenketa aurkeztuko ziola iragarri zuen EH Bilduk. Koalizioaren hitzetan, EAJk "ateak itxi" zizkion balizko akordio bati, "tematuta" baitzegoen PPri eta, oro har, 155. artikulua babesten duten alderdiei "men egitearekin".