Politika -
PSE-Batasuna ustezko bilera
Ezker abertzaleak ukatu egin du PSE-EErekin bildu dela
Ohar batean, bilera hori ez dela burutu ziurtatu dute, baina haien asmoa "elkarrizketa eta negoziazio politiko agertoki hori lehenbailehen errealitate izan dadin" lanean jarraitzea omen da.
Erredakzioa
Ezker abertzaleak ukatu egin du PSEren ordezkaritza batekin bildu izana eta argi adierazi du: "Bilera hori ez da burutu". Dena dela, "elkarrizketa eta negoziazio politiko agertokia" sortzearen alde agertu da.
Prentsa ohar batean ezker abertzaleak azaldu duenez, "azken hilabeteotan ezker abertzalea interlokuzio dinamika zabal bat ari da garatzen, Euskal Herriko zein Estatu espainiarreko eta nazioarteko eragile ezberdinekin".
Hala eta guztiz ere, gezurtatu egin du "PSE eta ezker abertzaleko ordezkaritzen artean izandako ustezko bilkura baten inguruan hainbat hedabidek argitaraturiko informazioa, bilera hori ez da burutu".
Ezker abertzalearen arabera, "gatazkaren konponbideari eta normalizazio politiko eta demokratikoari begira, ezinbestekoa da eragile politikoen arteko interlokuzio eta elkarrizketa era normalizatu batean eman ahalko diren agertokia sortzea" eta "elkarrizketa eta negoziazio politiko agertoki hori lehenbailehen errealitate izan dadin" lanean jarraituko dute.
Era berean, gogor gaitzetsi dute "informazio ezberdinak filtratuz egoera politikoan eragiteko saiakera iraunkorrak eta azken hilabeteetan pairatzen ari garen toxikazio saiakerak".